“Mugikortasuna pertsona guztientzat” aldarrikatuz dator 2026ko Mugikortasun Jasangarriaren Astea

2026/09/09
Card image cap
Bizikleten presentzia handia izango da, herritarrentzako tailer eta azokekin. Plazabizirekin elkarlanean, herriko parke garrantzitsuenak lotuko dituen ibilbide gidatua antolatu da, gobernantza kolaboratiboaren eta parte-hartzearen adibide argi gisa. Herribusa doakoa izango da irailaren 16tik 22ra bitartean.

Urteroko hitzorduari helduz, Arrasatek Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatuko du irailaren 16tik 26ra bitartean. Udalak herritarrak kontzientziatzeko eta mugikortasun eredu jasangarri eta osasungarriak ezagutarazteko eta sustatzeko egitarau zabal eta askotarikoa aurkeztu du gaur. Prentsaurrekoan Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziarekin batera, programazioa osatzen lanean aritu diren teknikari zein eragileak izan dira: Rafa Ugarte (Ingurumen teknikaria), Nerea Lazpiur (Turismo teknikaria), Kandi Fernandez (Ingurumen eskolako arduraduna) eta Agurtzane Loidi (Plazabizi ekimeneko arduraduna).

“Guretzat urteroko hitzordu hau ezinbestekoa da herrian kontzientziazio aktiboa pizteko, eta mugikortasun eredu jasangarri berriak ezagutarazi eta bultzatzeko. Europa guztirako, 2026ko edizioaren leloa "Mugikortasuna pertsona guztientzat" da; helburua, herritar guztiek garraio jasangarria eta eraginkorra izatea, diru-sarrerak, kokapena, adina, generoa edo dituzten gaitasunak kontuan hartu gabe. Oinarri hau kontuan izanda, mugikortasun eredu jasangarriek zuzeneko eragina dute arrasatearron bizi-kalitatearen hobekuntzan: espazio publiko garbiagoak, osasuntsuagoak eta seguruagoak lortzen ditugu, herri kohesionatuago bat eraikiz. Herritarren osasuna eta gizarte-kohesioa bermatuko dituen herri-eredu baten aldeko apustua egiten dugu, pertsonak erdigunean jarriz”,  adierazi du Garazi Etxeberria zinegotziak.

2026rako, kanpainak belaunaldien arteko ekitateari garrantzi berezia ematen dio, aitortuz adin guztietako pertsonek —haur, gazte, heldu zein adineko— mugikortasun-behar eta erronka desberdinak dituztela bizitzan zehar.

Bizikletaren protagonismo handia eta mugikortasun aktiboa

Aurten bizikletak leku oso berezia hartuko du egitarauan. Alde batetik, irailaren 19an Birzikleta Azoka ospatuko da Azoka Plazan (10:30etik 13:00etara), herritarrek bigarren eskuko bizikletak erosi edo saldu ahal izateko. Bestetik, irailaren 24an, bizikletak konpondu eta apaintzeko tailer ibiltaria eta MUGI txartelaren funtzionamendua ezagutzeko Escape Room berezia egongo dira Biteri Plazan (10:30etik 14:00etara), Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Udaleko Ingurumen Saileko teknikaria den Rafa Ugartek eman ditu azokaren inguruko xehetasunak: “Bizikleta bat erostea nahi duenak, egunean bertan Azoka plazara etorri, gustukoena aukeratu eta hau eskudirutan ordaintzea besterik ez du egin behar. Ordea, bizikleta bat saltzea nahi duenak, materiala dagokion egunean eta lekuan aurkeztu beharra dauka” azaldu du. Saltzaileek, beraz, beraien bizikletak Azoka plazan entregatu beharko dituzte zapatu honetan, irailak 12, 10:00-12:00 tartean, edota hilaren 15 edo 17an, martitzena edo eguena, 11:00-12:00 eta 17:00-19:00 ordutegian.

Adierazi du, egoera onean dagoen edozein material jasoko dutela. “Edozelako bizikletak, mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, trizikloak, kaskoak, belozimetroak, gurpilak, eskularruak, maillotak... Eskatzen da materiala garbi eta egoera onean ekartzea, eta zentzuzko prezioa ezartzea”. Halaber, jakinarazi dute, ez dela jasoko patinik edota patineterik.

Naturaz gozatu eta bizitza aktiboa sustatzeko mendi ibilbideak

Mugikortasun jasangarria bizitza aktiboarekin lotzeko helburua du aste honek, horregatik, bi ibilbide gidatu eskainiko dira:

  • PR-Gi 106 Arrasate-Arantzazu ibilbide gidatua, irailaren 13an, goizeko 9:00etan Herriko Plazatik abiatuta.
  • GR 121 Arrasate-Gatzaga mendi ibilbide gidatua, irailaren 26an, 9:00etan Herriko Plazatik abiatuta. Bi ibilbideetarako MUGI txartela bueltarako eramatea komeni da. Izen-emateak izenemateak.arrasate.eus webgunean edo 943 25 20 00 telefonoan egin daitezke.

Eskolara Oinez: 12 urteko ibilbidea eta etorkizuneko ohiturak ereiten

Udalako Ingurumen Eskolak bultzatutako «Eskolara Oinez / Eskola Bidea» ekimenak garrantzi berezia hartuko du aurtengo astean, azken 12 urteotan izandako bilakaera positiboa eta hazkundea azpimarratuz. “Haurrak eskolara oinez joateak autoen erabilera saihesten du. Nahiz eta banakako ekintza txikia iruditu, herri mailan eragin handia du: trafiko, kutxadura eta zarata gutxiago sortzen dira, ingurumenarekiko errespetua sustatuz” azaldu du Kandi Fernandezek, Ingurumen Eskolako arduradunak. “Txikitatik ohitura hauek lantzea ezinbestekoa da; gaur ikasten dituzten mugikortasun-ohiturak biharko ohiturak izango dira”. Horrez gain, oinez ibiltzeak jarduera fisikoa bultzatzen du, ikaskideekin harremanak sendotzen laguntzen du eta haurrei herria zein kalea beste modu batean bizitzen irakasten die.

Helburu nagusia ez da Mugikortasun Astean soilik gelditzea, baizik eta ohitura hauek urte osoan zehar mantentzea eta ikasleek beren kabuz oinez joaten jarraitzea. Aurten, parte-hartzearen hazkundeari erantzuteko, ibilbide berri bat gehitu da. Era berean, jakinarazi da aurten Arizmendi Ikastolaren parte-hartzea ezin izan dela martxan jarri ibilbide berriak prestatzeko denbora faltagatik, baina 2027an proiektura batuko direla ibilbide gehiagorekin.

Plazabizirekin elkarlanean: herriko parkeak lotzen eta Gobernantza Kolaboratiboan sakontzen

Aurtengo berritasun eta mugarri nagusienetako bat Plazabizirekin elkarlanean antolatutako ibilbide gidatua da, herriko parke nagusiak lotuko dituena:

  • Irailaren 19an (9:30-13:00): Herritarrentzako 12 kilometroko ibilbidea: MGEPeko lorategia → Santa Barbara → Monterron → Etxezarreta → Olandixo → MGEPeko lorategia.
  • Irailaren 23an (9:30-13:00): Jubilatuentzako 3,6 kilometroko ibilbide egokitua: MGEPeko lorategia → Monterron → Santa Barbara → Olandixo → MGEPeko lorategia.

Garazi Etxeberria zinegotziaren esanetan “Plazabizi ekimena lankidetzazko gobernantzako adibide dugu: Udalak ekimenarekin uztartu ditu Gobernu planean jasota dituen hainbat lan lerro, tartean herriko parke eta naturgune nagusien sarea sortzeko eta lotzeko lanketa. Plazabizi ekimenak, elkarlanean herri-eredua pentsatu eta herritarrak prozesu publikoen erdigunean jarrita, komunitate indartsuagoa eta mugikortasun inklusiboagoa bermatzen digu. Gobernantza eredu berri hau da herria eraldatzeko jorratu nahi dugun bidea”.

Agurtzane Loidik, Plazabiziko arduradunak, Plazabizik antolatutako hainbat ekimenen berri eman du. Hauek, mugikortasun jasangarria, osasuntsua eta herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduera-sorta zabala prestatu da, datuetan oinarritutako hausnarketa eta parte-hartze soziala uztartuz:

  • Erakusketa ibiltaria (irailaren 15etik urriaren 30era): Arimazubi eremuko erakunde eta enpresen mugikortasun analisia jasotzen duen erakusketa egongo da Olandixoko enpresetan eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (MGEP), mugikortasun ohiturei buruzko hausnarketa bultzatzeko.
  • Umore saioa Julen Axperekin (irailaren 18an, 11:00etan): MGEPeko 7006 gelan, Julen Axpek bakarrizketa berezia eskainiko du mugikortasun datuak umorez aztertzeko.
  • Mugikortasun aktiboa eta erronkak:
    • MGEPeko ikasleentzat: Stravan herriko parkeen ibilbidea erregistratzeko erronka (irailaren 14tik 30era), Muxibarren bi lagunentzako afaria zozketatuz.
    • Ciclogreen erronka (irailaren 15etik urriaren 31ra): Garraio publikoa eta mugikortasun aktiboa erabiltzeagatik sariak lortzeko aukera.

Herribusa doakoa aste osoan zehar

Azkenik, Garazi Etxeberriak gogorarazi nahi izan du Herribusa guztiz doakoa izango dela irailaren 16tik 22ra bitartean. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu autobus zerbitzua erabiltzera eta garraio publikoaren aldeko apustua egitera gure egunerokotasunean.

Informazio guztia eta izen-emateak herritarren eskura daude arrasate.eus-en eta izenemateak.arrasate.eus helbidean eta herriko informazio puntuetan.

 

ARRASATEKO MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN ASTEA 2026 - EGITARAUA

  • Irailak 12, zapatua (10:00-12:00) eta Irailak 15 eta 17, martitzena/eguena (11:00-12:00 eta 17:00-19:00):
    • Birzikleta Azokarako material bilketa Udal Azokan. Egoera onean dagoen material garbia jasoko da: bizikletak, trizikloak, patineteak, kaskoak, eskularruak... (Ez da patinete elektrikorik jasoko). Saltzen ez den materiala edo bildutako dirua irailaren 22an bueltatuko zaie jabeiei.
  • Irailak 13, domeka (9:00):
    • Ibilbide gidatua: PR-Gi 106 Arrasate-Arantzazu. Irteera Herriko Plazatik. Izen-emateak: izenemateak.arrasate.eus / 943 25 20 00.
  • Irailaren 16tik 22ra:
    • Herribusa DOAKOA aste osoan zehar.
    • Eskolara Oinez ekimena Arrasateko ikastetxeetan, LHko 2. eta 3. zikloko ikasleentzat, Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuta.
  • Irailak 19, egubakoitza:
    • 9:30-13:00: Ibilbide gidatua herritarrentzat: Herriko parkeak (12 km). Ibilbidea: MGEPeko lorategia → Santa Barbara → Monterron → Etxezarreta → Olandixo → MGEPeko lorategia. (Izen-ematea: info@plazabizi.eus / 943 79 31 32).
    • 10:30-13:00: BIRZIKLETA AZOKA Azoka Plazan (bizikleten bigarren eskuko merkatua).
  • Irailak 23, martitzena (9:30-13:00):
    • Ibilbide gidatua jubilatuentzat: Herriko parkeak (3,6 km). Ibilbidea: MGEPeko lorategia → Monterron → Santa Barbara → Olandixo → MGEPeko lorategia. (Izen-ematea: info@plazabizi.eus / 943 79 31 32).
  • Irailak 24, eguaztena (10:30-14:00):
    • Bizikletak konpondu eta apaintzeko tailer ibiltaria Biteri Plazan. MUGI sistema ezagutzeko Scape Room-a eta bizikleta doan berrikusteko zerbitzua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.
  • Irailak 26, zapatua (9:00):
    • Mendi ibilbide gidatua: GR 121 Arrasate-Gatzaga. Irteera Herriko Plazatik.
  • Urriak 17, zapatua (Auzolanean):
    • Deba ibaiaren erreka garbiketa.