Kotxe zein oinezkoen bideak konpontzeko hainbat asfaltatze lan egingo ditu Udalak urtea amaitu bitartean
2025/11/06
Arrasateko Udalak asfaltatze lanak abiatuko ditu datorren astetik aurrera, eta lan hauek urte amaierara arte luzatuko dira. Lanak 2 fase ezberdinetan egingo dira, fase bakoitzak gune eta kale ezberdinak asfaltatuko dituelarik.
Errepideak nagusi lehen fasean
Kotxeentzako errepideak asfaltatuko dira lehen fase honetan. Lanak datorren astelehenean, azaroaren 10ean, abiatzea aurreikusten da. Honako gune hauetan egingo dira lanak:
- Otalora 2 pareko zebrabidea: zebrabidean dauden hondoratzeak konpondu eta asfaltatu eta zebrabidea margotu.
- Gipuzkoa etorbidea 17 eta 25 parean: galtzada eta aparkalekuak asfaltatu eta margotu.
- Elkano 21-23-25 parean: galtzada eta aparkalekuak asfaltatu eta margotu.
- Gipuzkoa etorbide osoa: seinaleztapen horizontala margotzeko lanak eta zebrabide altxatuen asfaltatze eta margotze lanak.
- Eroskiko sarbidea: sarbide nagusia asfaltatzea.
Lehen faseko lan hauek hiru aste inguruko iraupena izango dutela aurreikusten da. Trafikoa seinaleekin bideratuko da eta ez da aurreikusten kaleak ixtea, baina hainbat aparkaleku libratu beharko dira makinaria eta materiala kokatzeko.
Baserri auzo eta oinezkoen bideak, besteak beste, bigarren fasean
Bigarren fase honetan, hainbat errepideetako asfaltatzeaz gain, oinezkoen bideak egokitu eta baserri auzoetako guneak berrituko dira. Lan hauek azaro amaieran edota abenduan zehar hasi eta amaitzea espero da. Honako espazioetan jardungo da:
- Arteaga baserriko bidea: bide osoa asfaltatzea; lanek irauten duten bitartean ohiko sarbidea itxita egongo da eta bide alternatibo bat prestatuko da.
- Garagartza–Atxabalpe oinezkoen bidea: bide osoaren asfaltatzea.
- Aragoa kalea: galtzada eta aparkalekuak asfaltatzea eta seinaleztapen horizontala margotzea.
- Bizkaia etorbidea: hainbat hondoratze konpontzea, zebrabide altxatuak asfaltoz egokitzea eta seinaleztapen horizontala berriztatzea.
- Obenerrekako aldapa: zebrabide altxatuak asfaltoz egokitzea eta seinaleztapen horizontala margotzea.
Trafikoa seinalistekin bideratuko da, eta aipatutako tokietan aparkalekuak libre utzi beharko dira materialak eta makinak kokatzeko.
Eguraldiaren eragina
Asfaltatze lanak eguraldi lehorrarekin soilik egin daitezkeenez, euriaren aurreikuspenek lanen planifikazioa aldatu edota atzeratu dezakete. Udalak herritarrei informazio eguneratua emango die behar izanez gero.
2 milioi euroko inbertsioa 10 urtetan
Arrasateko Udalak 2 milioi euro inbertituko ditu 10 urtetan herriko errepideak konpondu eta berritzen. Urtez urte 200.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak, orain hasi eta 2034 urtera bitartean. “Herriguneko errepide eta espaloiak konpontzeaz gain, baserri auzoetako errepide eta oinezkoen bideak konpontzeko apustua ere egin dugu. Eta inbertsio hau modu jasangarri batean egingo dugu, urtez urte diru partida finko bat bideratuz” adierazi du Kepa Urteagak, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak.