TAOrik gabeko Erguingo kale bakarraren arazoari amaiera emango dio Udalak, auzokideek hala eskatuta
2025/10/21
Datorren astelehenetik aurrera jarriko da martxan Udalpe eta Itxaropena kaleak batzen dituen errepide luzean TAO sistema. Hala eskatu dute bizilagunek, eta, aurrerantzean, auzotarrentzako aparkaleku bilakatuko dira.
Arazoari konponbide emateko auzotarren eskaria
2022 urtean sartu zen indarrean TAO sistema Erguin auzoan, Udalpe eta Itxaropena kaleetan izan ezik. “TAO sistematik kanpo geratze horrek, arazoak sortu dizkie kale horietako bizilagunei azken urte hauetan, aparkatzeko zailtasunekin eta trafiko fluxua handituz” azaldu du Maider Morras alkateak.
“Udalpe eta Itxaropena kaleetako bizilagunek arazoari konponbide bat emateko eskaera egin ziguten, kalean TAO sistema ezartzeko eskatuaz. Ordenantza errebisatu ostean, eta bideragarria zela ikusita, hala egin dugu. Izan ere, 2022an ez zen ondo neurtu Udalpe eta Itxaropena kaleak TAOtik kanpo uztearen eragin negatiboa, eta hori konpontzea lehentasunezkoa izan da auzotarrentzat eta Udalarentzat”.
Urriaren 27tik aurrera martxan
Ondorioz, datorren urriaren 27tik aurrera, martxan jarriko da TAO sistema Udalpe eta Itxaropena kaleetan. Modu honetan, salbuespen egoerarekin amaitzea lortuko da, eta Erguin auzoak sistema berdina izango du indarrean.
Udalpe eta Itxaropena kaleak bizilagunen aparkalekuak izatera pasako dira, Erguin osoko auzotarrentzat, eta dagoeneko bi kale horietako bizilagunek eskatu dezakete egoiliarren txartela TAOren bulegoan.
- TAO bulegoa:
- Olarte kalea, 16.
- Astelehenetik egubakoitzera 8:30 - 16:15
- Tel. 943 10 10 06
- https://www.arrasate.eus/eu/web/tao?set_language=eu
Ordenantza berrikustea
Hainbat ordenantza berrikusiko dira datozen urteetan, eta horien artean dago TAOrena. “Oraintxe bertan terrazen ordenantzaren azken prozesuan gaude. Prozesua bukatutakoan (abendurako aurreikusita dago), TAOren berrikuspenari ekingo diogu. Prozesua 2026. urtearen hasieran hastea espero dugu” adierazi du alkateak. Horretarako auzotarren parte-hartzea sustatuko da, auzokideen eskaerak entzun eta sistema sinpleago bat bilatzeko. Erabiltzaileek ere beren iritziak emateko aukera izango dute.