Iturriotz kalean egongo da asteazkenetik aurrera behin behineko BAZ, gaur egungoa berritzeko lanek iraun bitartean

2026/05/15
Card image cap
20 urte dituzte gaur egungo bulegoek, eta instalazioak eta teknologiak eguneratzeko beharra zegoen. Hilabete amaieran hasiko dituzte lanak, eta 4 hilabetez luzatzea aurreikusten du Udalak. Iturriotz kalearen 21. zenbakian egongo da behin behineko BAZ zerbitzua, eta herritarrei zerbitzua emateko egokitu da.

Asteazkenean jarriko da martxan behin behineko Biztanleen Arreta Zerbitzua (BAZ) zerbitzua Iturriotz kalean. Izan ere, hilabete honetan hasiko dituzte BAZ berritzeko obrak, eta, hauek irauten duten 4 hilabeteetan zehar, behin behineko BAZ Herriko Plazara mugituko da.

Arrasateko Udalak Biztanleen Arretarako Zerbitzuaren (BAZ) instalazioak osorik berritzeko proiektua pasa den urtean abiarazi zuen proiektuaren idazketarekin, izan ere, zerbitzua martxan jarri zenetik 20 urte igaro dira, eta instalazioak eta teknologiak eguneratzeko beharra zegoen.

Asteazkenetik aurrera iturriotz kalean

Gaur egungo bulegoetatik behin behineko BAZera lekualdatzea astelehenetik asteazkenera dute, hau da, maiatzaren 18tik 20ra. Ondorioz, eragina izango du funtzionamenduan, eta BAZ zerbitzu minimoekin izango da egun horietan. Asteazkenetik aurrera (maiatzak 20), baina, Iturriotz kaleko 21. zenbakian egongo da zabalik behin behineko BAZ.

“Hiru egun horietan material informatikoa lekualdatzen izango gara, eta baliteke momentu batzuetan etenaldi txikiak egotea zerbitzuan. Pazientzia eskatu nahi diegu herritarrei lekualdatzeak sortuko dituen eragozpenengatik. Asteazkenetik aurrera lokal berri honetan izango gara zerbitzua ematen” azaldu du Edurne Muxikak, Biztanteen Arreta Zerbitzuko teknikari arduradunak.

BAZ berriaren obrak hilabete amaiera

Maiatzeko azken astean aurreikusten du Udalak abiatuko dituztela BAZ berritzeko obrak. Lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute, eta Zamakoka SA enpresak burutuko ditu.

Lanen aurrekontua 486.139,90 eurokoa da (BEZa barne).

Eraberritze honen bidez, bulegoaren irisgarritasun osoa bermatuko da egungo lur-kotak berdinduz, eta espazioaren banaketa optimizatuko da herritarren intimitatea eta langileen ergonomia hobetzeko. Horrez gain, arreta-gaitasuna sendotuko da 8 teknikariei beraien lekua eskainiz, auto-tramiteetarako gune iraunkorra (OTT) gaituko da eta eraikinaren energia-eraginkortasuna nahiz isolamendu termikoa indartuko dira, herritarrei zerbitzu modernoagoa, erosoagoa eta identifikagarriagoa eskaintzeko helburuarekin.

IMG_6506.JPG

Zerbitzu integrala helburu: pertsonalizatua, diskretua eta gertukoa

BAZ berriak arreta emateko eredu berri bat ere ekarriko du, pertsonalizatuagoa, deskretuagoa eta gertukoagoa. Izan ere, obra hauek ere badira zerbitzu integrala eskaini ahal izateko oinarrizko egokitzapen eta prestaketa lanak egiteko. “Zerbitzu integralak aurrerapen handia ekarriko du Udalarekiko tramiteetan, izan ere, sistema berriarekin herritarra tramite osoa eginda aterako da BAZetik, buelta gehiago eman gabe” azaldu dute.   

“Gaur egun ezagutzen ditugun zutikako mostradoreak desagertuko dira eta BAZ berrian mahaietan artatuko dira herritarrak. Gainera, pantaila bikoitza izango dute mahai horiek, bata teknikariak kudeatuko dutena, eta, bestea, herritarrak dokumentazioaren tramitea jarraitutzeko. Azken helburua baita BAZ berria zerbitzu integrala bilakatzea, herritarrei berme eta erraztasun guztiak eskaintzeko” adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak.

IMG_6504.JPG