Astelehenean hasiko dituzte Zalduspeko behin behineko aparkalekuan ur putzuak ekiditeko drainatze zangak instalatzeko lanak

2026/07/03
Card image cap
Esku-hartze honen helburu nagusia aparkalekuaren gainazaleko drainatze-sistema hobetzea eta euri-jasen ondorioz sortzen diren putzuak ekiditea da. Lanak uztailaren 6an, astelehena, hasiko dira eta lau asteko iraupena izango dute.

Datorren astelehenean, uztailak 6an, Zalduspeko aparkalekuan (ospitalearen alboko aparkaleku probisionalean) hobetze lanak egingo ditu Udalak. Aurreikuspenen arabera, lanek lau asteko iraupena izango dute eta, epe horretan, aparkalekua ezingo da erabili.

Aparkalekuak txukundu eta ur putzuak ekiditeko helburu

Esku-hartze honen helburu nagusia aparkalekuaren gainazaleko drainatze-sistema hobetzea eta euri-jasen ondorioz sortzen diren putzuak ekiditea da. Gaur egun, eremu horrek ez du saneamendu-sarerik eta zoruan dauden badenetan ura gelditzen da.

Hobekuntza hauek egiteko, honako lan teknikoak burutuko dira:

  • Drainatze-zangak eraikitzea: 50 cm-ko sakonera eta 40 cm-ko zabalera duten zangak hondeatuko dira aparkaleku osoan zehar. Zanga horien oinarrian 160 mm-ko diametroko hodi porotsuak jarriko dira ura biltzeko.
  • Arketa-iturburu berriak: Sare osora konektatutako lau arketa-iturburu (parrilladunak) eraikiko dira.
  • Gainazala berdintzea eta trinkotzea: Aparkalekuaren azalera osoan 5 zm-ko lodierako "todo-uno" material geruza bat zabalduko da zorua nibelatzeko, eta ondoren trinkotu egingo da.
  • Garbiketa lanak: Hormaren kontrako ertzak garbituko dira, lurrak eta landare-hondakinak kenduz.

Udalak guztira 45.006,95 euroko (BEZ barne) aurrekontua bideratu du hobekuntza hauetara, eta Excavaciones Arrasate enpresak burutuko ditu lanak.

Hobekuntza lanek sor dezaketen eragozpenengatik Arrasateko Udalak barkamena eta pazientzia eskatzen ditu, aparkalekuaren egoera hobetuko duen esku-hartze hau burutu bitartean.

Zalduspeko eremua eraldatzeko plan integrala

Udala Zalduspeko antolamendu-plan berria lantzen ari da 2025az geroztik, egungo behin-behineko egoerari behin betiko irtenbidea emateko. Proiektu honek hiru gune nagusi aurreikusten ditu: autobus-geltoki berria (gaur egun lurzoru ezegonkorrean baitago), disuasio-aparkaleku bat eta beste gune bat bestelako erabileretarako.

Gaur egun, Udala jabe pribatuekin eta beste erakunde batzuekin lanean ari da, proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu eta eremu osoaren ordenazio berria zehazteko.