Hainbat eragilek elkarlanean belaunaldi arteko boluntariotza proiektua abian jarri dute euskararen errefortzurako
2026/01/22
Hezkuntza arloko eragile talde bat, Arrasateko Udalarekin eta Udal Euskaltegiarekin elkarlanean, belaunaldi arteko lankidetzan oinarritutako egitasmo komunitario bat sustatzen ari dira, egoera zaurgarrian dauden Lehen Hezkuntzako ikasleei euskara errefortzu akademikoa eskaintzeko helburu duena.
Gaur egungo hezkuntza sistemak erronka handiak ditu, bereziki ikasle etorri berrien kasuan. Arrasateko komunitatean, hainbat haurrek euskara ikasi eta barneratzeko premia dute, beren ibilbide akademiko eta pertsonala behar bezala garatu ahal izateko. Hizkuntza menperatzea funtsezkoa da inklusiorako eta hezkuntza arrakastarako, eta, hori dela eta, ikastetxe guztiek euskara lehenetsi dute esku-hartze arlo nagusi gisa.
Esperientzia arrakastatsua oinarri
Egitasmo hau dagoeneko martxan dagoen esperientzia arrakastatsu batetik abiatzen da. Aurreko ikasturtean zehar, irakasle jubilatuen talde batek euskara errefortzurako saioak eskaini zizkien zailtasunak zituzten haurrei. Ikasturte amaieran egindako balorazioak oso positiboak izan ziren, bai emaitzei dagokienez, bai erabilitako metodologiari dagokionez. Esperientzia horrek jarraipena izateko gogoa piztu du, eta, horri esker, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea ere batu da proiektura, bere ezagutza, esperientzia eta giza kapital boluntarioa eskainiz.
Arrasateko ikastetxeetatik jasotako informazio akademikoari esker, egoera zaurgarrian dauden LHko ikasleen beharren diagnostiko zehatza egin da. Nahiz eta etorkizunean egitasmoa beste arlo eta maila batzuetara zabaltzeko aukera ikusten den, une honetan euskara errefortzua da lehentasuna.
Boluntarioak lortzeko deia
Hori horrela, euskara errefortzua behar duten LH 1. mailako ikasleen kopurua eta gaur egun dagoen boluntario kopurua kontuan hartuta, lan taldeak dei egiten dio komunitateari:
astean behin, ordubetez, euskara ondo menperatzen duten boluntarioak behar dira LH 1. mailako haurrei laguntzeko. Boluntario izan daitezke, besteak beste, irakasle jubilatuak, hezitzaileak, batxilergoko ikasleak zein unibertsitateko ikasleak.
Interesa duten pertsonek edo informazio gehiago nahi dutenek honako bideak dituzte harremanetan jartzeko:
- Telefonoa: 943 25 20 08
- Helbide elektronikoa: hezkuntza@arrasate.eus
Komunitatetik sortutako egitasmo honek komunitatearen inplikazioa behar du, ikasle etorri berrien euskara maila hobetzeko, belaunaldi arteko harremanak sendotzeko, kohesio soziala indartzeko eta hezkuntza sisteman kalitatezko ekarpena eginez inklusiorako bidea sustatzeko.