Otsailetik ekainera bitarteko plangintza berria aurkeztu du Emakume Txokoak

2026/01/28
Card image cap
Jabetze eskolak 11 ikastaro, 3 tailer eta 3 gune iraunkor eskainiko ditu. Jabetze eskolan parte hartzeko izena emateko aukera izango da otsailaren 2tik 6ra bitartean. Martxotik maiatzera bitartean, hausnarketa feministarako hainbat kultur ekimen eta hitzordu antolatu ditu Emakume Txokoak.

Emakume Txokoaren plangintza berria jasotzen duen liburuxkak etxeetarako bidea hartu du jada. Otsailetik ekainera bitarteko plangintza jasotzen duen programa kontsulta daiteke hemen.

Jabetze Eskola, formakuntza eta topagunea

Emakumeon errealitate eta zapalkuntza ezberdinak abiapuntu hartuta, hauei erreparatzeko eta elkarrekin ahaldundu eta eragiteko aukerak lantzeko, prestakuntza eta topagune ezberdinak eskaintzen ditu Jabetze eskolak.

Lan pertsonala eta  kolektiboa, elkar zaintza eta konfiantzazko giroa izango dira Jabetze eskolaren eskaintzaren oinarrian. Plangintza berriak emakumeon autonomia eta parte hartze soziala eta politikoa sustatzeko helburuarekin lan egiteko proposamena izan nahi du, beste behin.

Ikastaroak, tailerrak, gune iraunkorrak, errealitateari ikuspegi feministatik erreparatuz

Hainbat gai izango dira plangintza berriaren ardatz:

Esaterako, Gure arbasoak, lan bat gure leinu femeninoarekin ikastaroan , begirada gure aurreko emakumeei zuzendu eta Genealogia feministak landuko dira. Gure aurretik bidea egin duten emakumeen lana eta erreferentziak jaso, jendartean egin duten ekarpena ikusarazi eta guregan izan duten eragina aztertuko da.

Begirada hori emakume sortzaileengan ere jarriko dugu. Horrela, Sormen laborategia ikastaroan, Kantuz saretzen topagunean edo Irakurketa feministen gunean, esparru ezberdinetako emakume artisten lanak ezagutu eta geure sormena lantzeko inspirazio iturri izango ditugu.

Gainera, heteropatriarkatuak ezartzen dituen genero aginduek eta botere harremanek emakumeongan sortzen dituzten indarkeriaz eta zapalkuntzez ohartzeko ere lan egingo dugu: lotura afektiboak aztertuz, gorputz eta sexu ahalduntzea landuz, feminismoen oinarrizko kontzeptu eta borrokei erreparatuz, autodefentsa feministan sakonduz, gure ahotsa aktibatuz…. Agindu horiek eragiten dizkiguten ezinegonak landuko ditugu eta  eraldaketarako bide kolektiboak urratuko ditugu.

Zapalkuntza horiek duten oinarri koloniala ere landuko dugu Jabetze eskolan, arrazakeria eta bazterkeria azaleratuz eta zurion pribilegioak agerian jarriz. Hausnarketa horietarako bideak zabaltzen dituzten gune ezberdinak izango ditugu (Cumbia antiarrazista ikastaroa; Irakurketa feministen saioak; Feminismoak lantzeko tailerra; Loratzen, emakume migratuen topagunean..).

Azkenik, Jabetze eskolaren eskaintza berrian lekua izango dute baita ere, emakumeon autonomia eta parte hartzea sustatzen duten ikastaro praktikoak ( Etxeko konponketak, Eskalada …); geure gorputza eta ongizatea lantzeko ikastaroak (Chi Kung , Berreziketa korporala…) eta sormena lantzeko ikastaroak ere (Suzko idazketa II, Koaderno Botanikoa, Sormen Laborategia II…).

Ikastaro eta gune bakoitzak lan ildo nagusiak badituzte ere, ildo horiek elkar hartzen dute lanketa askotan eta denak dute helburu emakumeon ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzea, bakoitzaren behar eta aukerei egokituz.

Udaberriko egitarau zabala

Aldi berean, Emakume Txokoak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, martxoan hasita, antolatu duen egitarauan parte hartzera. Proposamen berrian, genealogia feministak egiten jarraitzeko eta hausnarketa kolektibo feministak sustatzeko, hainbat kultur ekitaldi antolatu ditugu:

  • “Esne Berriak” Bertso-literatur saio musikatua, Uxue Alberdiren liburua oinarri duena
  • “Romani Hadin. Tras las huellas de las mujeres gitanas” liburuaren aurkezpen-solasaldia, AMUGE Elkarteko eta Irakurketa Feministen guneko kideekin.
  • “Llamalo X” antzerki emanaldia, proposamen berritzailea, feminista eta LGTBIQ+ ikuspegia duena.
  • “80 amandre”, ipuin kontaketa saioa, Dorleta Kortazarren eskutik.
  • Zinegoak Hedapena LGTBIQ+ zine emanaldia.

Tartean martxoaren 7an, zapatua, emakume artisauen eta bertako produktuen emakume ekoizleekin Azoka antolatu da. Martxoaren 8an Mugimendu Feministak antolatu duen manifestazio deialdia ere jaso du Emakume Txokoak egitarauan, eta parte hartzeko deia luzatzen die herritar guztiei.

Informazio gehiago, Emakume Txokoan

Plangintzaren informazio praktikoa edo azalpen gehigarririk behar izanez gero, Emakume Txokoak zabalik ditu ateak:

Astelehenetik eguenera: 10:30-14:00 eta 15:00-18:00

Egubakoitzetan: 10:00-14:00

emakumetxokoa@arrasate.eus

943 79 41 39 / 618 20 62 33 (Whatsapp)