Bihartik aurrera, irailak 1, herribusaren tarifen prezioa % 50 murriztuko da urtea amaitu arte

2022/08/31
Card image cap
Udalak herribuseko billeteen prezioen jaitsiera onartu zuen, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei eta sozialei erantzuteko Estatuko Gobernuaren Lege berria indarrean sartu ondoren.

Herribusaren tarifen prezioa % 50 murriztuko da bihartik aurrera (irailak 1), eguena, abenduaren 31ra arte. Neurria Estatuko Gobernuak ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege Dekretua onartu ondoren hartu da. Horren bidez, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei eta sozialei erantzuteko ekintzak bultzatu nahi dira. Hala, aurre egin gura zaie kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei. Ildo horretan, Errege Lege Dekretu horren ondoren, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Batzar Nagusiak, Arrasateko Udala ere kide denak, joan den abuztuaren 4an onartu zuen autobus publikoen tarifak murriztea.

Azken egunetan makinak egokitzen aritu dira, eta udalak dirulaguntza bat eskatu du Estatuak deituta, tarifagatiko diru sarreren murrizketaren kostuaren zati bat ordaintzeko.

Arrasaten, tarifarik merkeena aplikatuko da

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak hainbat tarifa ditu, eta Arrasateren kasuan merkeena aplikatuko da, URB3 (3. hiribusa) . Horrela, Mugi txartela dutenek % 74ko deskontua izango dute 1 eta 20 bitarteko bidaia kopurua eginez gero; izan ere, ibilbide bakoitza 0,35 euro kostatuko zaie; 21-50 bidaia kopurua eginez gero, berriz, % 79ko beherapena izango dute (0,28 euro bidaia bakoitzeko), eta % 95etik gorako deskontua izango dute 51 bidaia baino gehiago eginez gero (0,07 euro bakoitza). Txartel anonimoa dutenek, aldiz, % 66ko deskontua izango dute autobusaren prezioan, bidaia bakoitzeko 0,45 euro ordainduta. Erabiltzaileak ez du ezelako egokitzapenik egin behar txartelean, eguneratzea automatikoa da.

Bidaiak eskudirutan ordaintzen dituztenei dagokienez, 1,35 euro ordainduko dituzte noizbehinkako txartelaren truke, eta 2 euro gaueko txartelaren truke.