Arrasateko Udalak bi gune estali berriren azterketa eta aurreproiektuak egingo ditu: Musakolan eta Biteri plazan
2026/01/23
Arrasateko Udalak martxan jarri ditu bi gune estali berri aztertzeko prozesuak. Bata Musakola auzoan kokatuko litzatekeena, eta bestea, Biteri Plazakoa ordezkatuko lukeena. Prozesu bakoitza independentea izango da, eta prozesu tekniko eta parte hartzaileak uztartuko dira.
Biterin, plazaren berrantolaketa aztertu, aterpe berria barne
Arrasateko Udalak Biteri plaza berrantolatzeko aurreproiektua idazteko lanak esleitu ditu, espazio publikoaren egungo behar sozial eta klimatikoetara egokitzeko helburuarekin. Jarduketaren bidez, itzal guneen eta berdeguneen gabeziari erantzun nahi zaio, baita oinezkoentzako espazio seguru, atsegin eta irisgarriak indartu ere, genero ikuspegia eta hiri-mugikortasuna kontuan hartuta.
“Gaur egungo plazaren antolaketak hainbat gabezia ditu: batetik, aterpea zaharkituta dago, eta erabilera egokirako oztopoak ditu (zutabe ugari eta euri babesik ez). Bestetik, haur parkea estali gabe dago, eta orohar, guneak erabileren berrantolaketa beharra du. Gune jasangarriago eta atseginago bat bilakatzeko aukera aprobetxatu nahi dugu, jakitun lur azpiko parkingak egin beharreko eskuhartzeetan mugak ekarriko dituela” azaldu du Garazi Etxeberria San Miguelek, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
Aurreproiektua Zuriñe Zelaia Arroyabe eta Arantxa Satrustegi Ollaquindia arkitektoek egingo dute, eta lanaren kostu osoa 14.507,90 eurokoa izango da (BEZ barne). Aurreproiektua uda bitartean egitea aurreikusten du Udalak.
Musakolan auzotarrekin kokapena erabakitzea
Musakola auzoan eremu publiko bat estaltzeko aukerak aztertzeko parte-hartze prozesua abiaraziko du Arrasateko Udalak, auzotarrekin batera erabakiak hartzea helburu.
“Auzotarren eskaera historikoa da auzoan aterpe bat izatea, eta modu honetan, erabakiak kolektiboki hartzeko prozesua jarri nahi dugu martxan. Erabakiak, baina, irizpide teknikoekin bateragarriak izan beharko dira, beraz, Udal teknikariak ere prozesuaren parte izango dira, auzotarrekin batera” azaldu du Mikel San Miguelek, Auzoetako zinegotzi arduradunak.
Prozesu horren diseinua eta dinamizazioa ELHUYAR-ZUBIZE, SLU enpresari esleitu zaio, 8.446,16 euroko zenbatekoarekin (BEZ barne). Ekimenaren bidez, udal-gobernuak herritarren inplikazioa sustatu nahi du, auzoko beharrak modu partekatuan identifikatu eta espazio publikoaren erabilera hobetzeko irtenbide adostuak lantzeko asmoz.