Arrasateko Udalak amaitu ditu Bedoñabe eskolako patioa eraldatzeko lanak: jolas gune naturalagoa eta inklusiboagoa errealitate bihurtu da
2026/07/01
Arrasateko Udalak amaitutzat eman ditu Arrasate Herri Eskolako Bedoñabeko eraikineko kanpo espazioa egokitzeko obrak. Lan hauekin, lehen 915 m2-ko asfaltatutako eremua zena erabat eraldatu da, natura eta erabilera anitzeko gune ez-sexistak erdigunean jarriz, ekintza pedagogiko desberdinetarako prest.
Esku-hartze hau hezkuntza komunitatearekin batera egindako diagnosi parte-hartzailearen emaitza da, eta hiru eremu nagusitan banatutako gune berria eskaintzen die ikasleei:
- Mugimendu eremua (Mariren basoa): Intentsitate handiko gune honetan altzairu herdoilgaitzezko txirrista, kautxozko tontorrak, soka bidez igotzeko ranpa, akazia egurrezko oreka-jolasak, tranpolina eta rokodromoa instalatu dira.
- Eremu sinbolikoa eta artistikoa (Galtzagorrien basoa eta Sorginen akelarrea): Sormena lantzeko tipi bat, piñu-azalezko krater bat, lurreko margoekin markatutako antzoki txiki bat eta baratze eremu bat prestatu dira.
- Bioaniztasunaren eta atsedenaren eremua: Natura umeengana hurbiltzeko, intsektuen hotela, txorientzako kabiak eta landaketa eremu anitzak sortu dira.
Iraunkortasuna eta natura
Proiektuak espazioa "humanizatzea" lortu du landaketa ugariren bidez: haritzak, arteak, gereziondoak eta 59 zuhaixka unitate landatu dira itzala eta biodibertsitatea bermatzeko. Gainera, berrerabilpenaren aldeko apustua egin da, eraiste-lanetako hondakinak erabili baitira patioko tontorrak eta erliebeak sortzeko.

Inbertsioak Arrasateko Herri Eskoletan
Bedoñabeko lan hauekin, Udalak jarraipena eman dio eskoletako kanpo espazioak eremu pedagogiko bihurtzeko asmoari, 2024 eta 2025ean Erguineko eraikinean egindako eraldaketaren bidetik.
K1 EKOPAISAIA SLL enpresak burutu dituen lan hauek 104.148,21 euroko (BEZ barne) inbertsioa izan du; haurren garapen askea, sormena eta parekidetasuna bermatzea dute helburu, eskola barruko hezkuntza proiektuaren luzapen gisa.