Atarte, mendekotasun arina duten pertsonentzako Eguneko Arreta Zerbitzu berria Arrasaten

2022/12/21
Card image cap
Intentsitate txikiko laguntza zerbitzua da, arreta premia espezifikoei lotua, adinekoen autonomiari eusten laguntzeko.

Arrasateko Udalak eguneko zerbitzu berri bat jarri du martxan, Atarte izenekoa, mendekotasun arriskua edo mendekotasun arina duten 65 urtetik gorako pertsonentzat.

Zerbitzuak eguneko arreta zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen die adinekoei. Intentsitate txikiko laguntza zerbitzu bat da, beren arreta premia espezifikoei lotuta dagoena, arriskuan edo mendetasun egoeran dauden adinekoen autonomiari eusten laguntzeko, beren ohiko bizi ingurunean irauteko eta sozializatzeko, eta, hala badagokio, isolamendu egoerak konpentsatzeko.

Zerbitzua ematen da Garibai kaleko 1. zenbakiko lokaletan, duela gutxi Arrasateko Udalak egokituak, astelehenetik egubakoitzera, 10:00-13:00. Espazioa gaitzeko inbertsioa izan da 475.000 euro + BEZa.

Maitane Muñoz Goikoetxea Garapen Komunitarioko zinegotziak azpimarratu du urrats berri bat dela Udaleko Gizarte Zerbitzuen mapa osatzeko: "Arrasaten ez dugu inor atzean uzten. Gizarte zerbitzu oso garrantzitsuak eta hedatuak ditugu, eta Eguneko Arreta Zentroak lagunduko du herritarren ongizatean aurrera egiten eta gehiago sakontzen”.

Udalaren helburua da, zinegotziaren berbetan, erabiltzaileen autonomiari eusten laguntzea, beren ohiko ingurunean egoten eta gizarteratzen laguntzeko eta, hala badagokio, isolamendu egoerak konpentsatzeko; baita ere, beste pertsona batzuekin harremanak izaten laguntzea, bereziki bakarrik bizi direnekin edo lan egiten duten senideekin; eta erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzea, prebentzio jarduerak eta jolas ekintzak eginez, eta arreta pertsonalizatua emanez.

Erabiltzaileen informazioa, jarraipena eta balorazioa eskainiko da, estimulazio  edo errehabilitazio interbentzioak egingo dira, jarduera eta gaitasunak estimulatze aldera, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko, ariketa errazekin, aisiaren bidezko hezkuntza interbentzioarekin, hezkuntza eta kultura jarduerekin eta laguntza emozionalarekin.

Zerbitzuak 12 pertsonako gehieneko arreta ahalmena izango du unitateko. Zerbitzua jasotzeko baldintzak: Arrasaten erroldatuta egotea, 65 urtetik gora izatea eta mendetasun arriskuan edo mendetasun egoeran egotea (1. gradua, mendetasunaren balorazioan 25 eta 39 puntu artean lortu dituztenak).

Erabiltzaileak ekarpen ekonomiko bat egin beharko du zerbitzuagatik. Egin beharko den ekarpen ekonomikoa erabiltzaile bakoitzaren egoera ekonomikoaren araberakoa izango da, eta ekarpena gutxienez 5 eurokoa izango da hilean eta gehienez 60 eurokoa hilean.

Informazio gehiago jaso gura izanez gero, jo Arrasateko Gizarte Zerbitzuen bulegora, deitu 943 25 20 07 telefonora edo bidali mezu bat helbide elektroniko honetara: ongizate@arrasate.eus.