Udazkeneko plangintza berria aurkeztu du Emakume Txokoak
2025/09/10
Jabetze Eskolak eskainiko dituen 11 ikastaroetako, 4 tailerretako eta gune iraunkorretako azalpenak eta informazio praktikoa jasotzen ditu Emakume Txokoaren liburuxka berriak.
Orain arte bezala, Jabetze Eskolak formazioa eta saretzea izango ditu ardatz. Eskolak espazio bat eskaintzen du errealitateari ikuspegi feminista batetik erreparatzeko, emakumeek* euren eskubideen jabe egin eta eraldaketarako eta ahalduntze pertsonalerako zein kolektiborako tresnak eskuratu ditzaten.
Emakumeen* zapalkuntzak dituen egiturazko sustraiak identifikatu eta hauei aurre egiteko hausnarketa sustatu nahi du Jabetze Eskolak, eremu ezberdinetan lanketa propioak eginez: osasunean, sormenean, gorputzean, parte hartzean, harremanetan…
Askotariko ikastaroak, ohikoak eta berriak uztartuz
Hainbat ikastarok, lekua hartu dute berriro Jabetze Eskolan, aurreko plangintzetan izan duten harrera ona dela eta, edo aurretik egin den lanketan sakontzeko aukera eskaintzeko. Horietako batzuk dira: Eskalada, Kantua, Sendabelarrak, Diafreoa eta Norberaren buruaren zaintza ikastaroak.
Formatzaile eta ikastaro berriak ere izango dira aukeran: Tratu ona eta negoziazioa, Beatriz Feijóorekin; Mugimendu kontzientea, Isabel Kirzek zuzenduta; Sormen Laborategia Alaitz Muro arte terapeutarekin edo Suzko Idazketa tailerra, Ane Zubeldiarekin (Mejillon Tigreko kidea), besteak beste.
Luciana Alfaro Lavadok dinamizatzen duen Irakurketa feministen gunea urriaren 2an jarriko da martxan eta 4 saio antolatu dira, hilean behineko maiztasunarekin, abenduaren 12ra bitartean.
Abenduko hitzorduan Gabriela Wiener idazlearen azken bi liburuen ( “Huaco Retrato” eta “Atusparia”) aurkezpena bideratuko dute Irakurketa feministen guneko kideek.
Idazlearen bisita probestuz, emakume migratuei zuzendutako idazketa tailerra antolatu du Jabetze Eskolak. Muga zauri irekia da izenburupean eskainiko den tailerrean emakume migratuen hitzak garrantzitsuak direla aldarrikatuko da, eta entzunak eta irakurriak izan behar dutela.
Diasporan hitzak nola erabil daitezkeen esploratzeko proposamena egiten du Gabriela Wiener idazle migratzailearen tailerrak. Bertan aztertuko dute emakume migratzaileen eguneroko istorioek nola uztartzen duten generoa, indarkeria koloniala eta arrazakeria.
Irakurketa feministen guneaz gain, emakume migratuei propio eskainitako topaketarako eta ahalduntzerako gunea ere, martxan jarriko da, Marisol Abreuk dinamizatuta eta bi astean behineko maiztasunarekin. Espazio irekia da eta helburu nagusia du emakume migratuak elkarrekin topo egitea eta elkar babestea, eta aurkitzea botere pertsonal eta kolektiboaren berezko gaitasuna, konexioa eta segurtasuna.
Irrintzi tailerra, Autodefentsa feminista tailerra eta “Sistema perreatuz” tailerrak, osatzen dute Jabetze eskolaren proposamena, lanketa kolektiborako gune indartsuak eskainiz.
Clown ikuskizun batekin abiatuko da ikasturte berria
Bestalde, Emakume Txokoaren egitaraua irailaren 25ean abiatuko da, irekiera emanaldi batekin. Ikuskizun nagusia, Bea Larrañagaren Filipa Balbina klown ikuskizun-dokumentala izango da. Umorea ardatz, emakume pailazoen genealogia ariketa bat egingo du emanaldi honetan, Jabetze Eskolan ere formatzaile arituko den artistak.
Irekiera ekitaldiari, Ane Zubeldiak (Mejillon Kolektiboko kidea) eta Olatz Urkia musikariak emango diote hasiera, errezitaldi labur banarekin. Biak hala biak, ikastaroak eskainiko dituzte Jabetze eskolan ikasturte honetan eta emanaldiak euren lanaren nondik norakoetara hurbiltzeko aukera eskainiko du.
Informazio gehiago eskuragarria
Plangintza berriaren inguruko informazioa jasotzeko Emakume Txokora hurbildu daiteke, deskargatu liburuxka formatu digitalean hemen, edo ohiko harremanetarako bideak erabili daitezke.
Ordutegia:
Astelehenetik eguenera:
10:30-14:00/ 15:00-18:00
Egubakoitzean: 10:00-14:00
943 79 41 39 (Bulego ordutegian)
618 206 233 (whatssappez)