Mural bertikala marrazten ari da Mutiko Kristal San Andreseko eraikin batean, auzoko jai batzordearen eta Udalaren arteko elkarlanari esker

2026/05/26
Card image cap
Muralak San Andres auzoko jatorriari egiten dio erreferentzia, izan ere, muralaren oinarria 60ko hamarkadan Euskal Herrira, eta zehazki San Andresera, iritsi ziren pertsona migratuei egiten zaie erreferentzia.

Arrasateko Udalak eta San Andreseko jai batzordeko kideek elkarlanean, mural bertikal handia marrazteko eskatu diote Mutiko Kristali, Arrasateko artista graffiti egilari.

Murala Doctor Bañez kaleko eraikin batean egiten ari dira, etxebizitzako bizilagunek oniritzia eman ostean. “Bizilagunak oso pozik agertu dira Jai Batzordearen eta Udalaren proposamenarekin, eta, pasa den astelehenetik, maiatzak 18, ari dira murala margotzen” azaldu du alkateak.

60ko hamarkadako emakume migratuei omenaldia

Muralak San Andres auzoko jatorriari egiten dio erreferentzia, izan ere, muralaren oinarria 60ko hamarkadan Euskal Herrira, eta zehazki San Andresera, etorritako pertsona migratuei egiten zaie erreferentzia.

“Lana bilatu eta bizi baldintza hobeagoak bilatzera etorri ziren emakume migranteei egiten zaie omenaldia. Beraien jaioterriak atzean utzi, eta Arrasaten bizi berri bat abiatu baitzuten, garaiko gorakada industrialarekin batera. 60ko hamarkadan etorri ziren horiek hemen errotu ziren, seme-alabak izan zituzten, eta elkarbizitzan gaur egun arte iritsi gara. Eta, gaur gaurkoz, inor gutxik jartzen du zalantzan aniztasun horren balio garrantzitsua. Denok batera eraiki dugu gaurko Arrasate. Migrazioek dakarten elkarbizitza erdigunean jarri izan nahi dugu” defendatu du Maider Morrasek.

Gaia abiapuntutzat hartuta, Mutiko Kristalek egin du diseinuaren proposamena, eta pasa den astelehenean, maiatzaren 18an, hasi zituen lehen lanak. Aurreikusten dute ekaina erdialderako amaituta egotea.