Arrasateko Sexologia Zerbitzuak mural berria izango du: herritarrek hautatuko dute diseinu irabazlea lau proposamenen artean

2026/05/13
Card image cap
Diseinuak Institutuko Batxilergo Artistikoko ikasleek egin dituztela eta herritarrek izango dutela lau proposamenen artean gustokoena aukeratzeko hitza. Botoa emateko hainbat bide izango dira: Sexologia Zerbitzuko instagram kontutik, edota presentzialki BAZ edo Gazte Bulegoan maiatzaren 24ra arte.

Arrasateko Udalaren Sexologia Zerbitzuan mural bat margotzeko proiektua jarri dute martxan. Pertsona eta eragile ezberdinen arteko elkarlanaren emaitza da egitasmoa, eta helburu nagusiak dira Sexologia Zerbitzuari ikusgarritasuna ematea eta zerbitzuaren espazioari begirada berri bat txertatzea. Ekimen honen berezitasun nagusia da diseinuak herriko Institutuko Batxilergo Artistikoko ikasleek egin dituztela eta herritarrek izango dutela lau proposamenen artean gustukoena aukeratzeko hitza.

Ikasleekin egindako prozesu artistikoa 

Proiektua urtarrilaren 19an hasi zen, Sexologia Zerbitzuko teknikarien eta Batxilergo Artistikoko ikasle eta irakasleen arteko lehen topaketarekin. Saio horretan, sexualitatearen kontzeptuaren inguruko hausnarketa sakona egin zuten, eta espazio goxo, seguru eta aniztasuna onartzen duen gune bat eraikitzeko helburuak ezarri zituzten.

Apirilaren 27ra arte, ikasleak prozesu artistiko eta kolektibo baten murgilduta egon dira, hainbat gai landuz: gorputzak, bizipenak, tabuak, gorputzen arteko harremanak eta aluen arteko elkarrizketak, besteak beste. Lan horren guztiaren ondorioz, lau artelan proposamen aurkeztu dizkiote Udalari.

Herritarren parte-hartzea eta gauzatzea 

Eñaut Arriaranek azaldu duenez, erabakia herritarren esku geratuko da: "Ikasleen lanak ezagutzera emateaz gain, Sexologia Zerbitzua ezagutzera eman nahi dugu modu honetan, arrasatearron egunerokoan leku bat eskainiz". Bozketaren bidez aukeratzen den lana Sexologia Zerbitzuko horma handienean margotuko dute ikasleek beraiek, ekainean zehar.

Hala ere, gainerako proposamenak ez dira baztertuko. Hautatuak ez diren beste hiru artelanak koadro formatuan inprimatuko dira eta zerbitzuko espazioa apaintzeko erabiliko dira, egindako hausnarketa eta sormen lan guztia aitortzeko.

Ekimen honekin, Arrasateko Udalak ateak zabalik dituen zerbitzu hurbila eta parte-hartzailea sustatzen jarraitu nahi du. Duela urtebete Arrasateko Sexologia Zerbitzuaren irudia berritu eta ezagutzera eman zuten, eta, oraingoan, zerbitzua jasotzen duen espazioan jarriko dute fokua.

Lau aukera, boto bakarra

Herritar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Botua emateko hainbat bide izango dira: Sexologia Zerbitzuko instagram kontutik, edota presentzialki BAZ edo Gaztebulegoan, gaurtik hasi eta maiatzaren 24ra arte. 16 urtetik beherakoek presentzialki eman beharko dute botoa. 

Muralak.jpg

Muralak2.jpg

Muralak3.jpg

Muralak4.jpg