Amaitu dituzte Altamira auzoko Jose Luis Iñarra kalea berrurbanizatzeko lanak, azken lorezaintza lanak burututa

2026/03/04
Card image cap
Lan nagusienak udazkenean amaitu baziren ere, azken erremateak egiten aritu dira hilabete hauetan. Altamira auzoa atseginago eta irisgarriago bihurtzeko lanak izan dira burutu direnak. Auzoen bizi-kalitatea hobetzeko beste proiektu batzuk ere martxan daude: Santa Teresa, Grupo Sanjuan, San Andres auzoko Araba etorbidearen berrurbanizazioa edota Gorostiza auzoko igogailuak.

Amaitutzat eman ditu Arrasateko Udalak Altamira auzoko Jose Luis Iñarra kaleko berrurbanizazio lanak. Azken asteotan egin diren lorezaintza lanekin eta zuhaitzen landaketarekin eman zaio amaiera proiektuari; nahiz eta, berrurbanizazioari lotutako obra nagusiak 2025eko urrian bukatu ziren.

Auzo atseginago eta irisgarriago

Lanek 2024ko abenduaren 2an izan zuten hasiera, eta auzoa atseginago eta irisgarriago bihurtzea izan dute helburu nagusi, oinezkoen segurtasuna eta espazio publikoaren kalitatea hobetuz.

Proiektuaren baitan, besteak beste, honako esku-hartzeak gauzatu dira:

  • Oinezkoentzako espazioen hobekuntza eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko egokitzapenak: espaloi irisgarriak eta eskaileren berrantolaketa.
  • Lur azpiko zerbitzu-sareen berritzea: argiteria instalazioaren azpiegiturak eta euri urak eta ur zikinak jasotzen dituzten hoditeriak.
  • Espazio berdeen egokitzapena eta zuhaitz berrien landaketa, auzoari izaera berdeagoa emanez.
  • Atseden-gune berrien sorrera eta hiri-altzarien berritzea.

Esku-hartze honen bidez, Udalak aurrerapauso bat eman du Altamira auzoko bizi-kalitatea hobetzeko eta herritarrentzako espazio publiko erakargarriagoa eta funtzionalagoa eskaintzeko bidean.

Auzoen bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak martxan

Altamiraz gain, badira beste hainbat auzoetako proiektuak martxan, eta 2026-2027 urteetan artean martxan jartzea aurreikusten direnak:

  • Santa Teresa auzoko berrurbanizazio lanak: 2024an hasi ziren lanak, eta gaur gaurkoz zati handiena amaituta badago ere, 2026ko udazkenean amaitzea aurreikusten da.
  • Grupo San Juan auzoguneko berrurbanizazio lanak: 2026 urtean zehar hasiko dira lanak.
  • San Andresen, Araba etorbideko berrurbanizazioaren azken zatia eta bidegorria egitea: 2026ko udaberrian hasiko dira lanak.
  • Hainbat kaleren atsegite jasangarria, hirigintza taktikoaren bitartez: Zarugalde kalean, Nafarroa etorbidean eta Zerrajera kalean. Lanak 2026an zehar egingo dira, prozesu ezberdinetan.
  • Gorostiza auzoko igogailu berriak: proiektua idazten ari dira, eta 2027rako lanak exekutatzen hastea aurreikusten da.