Arrasateko Udal Bibliotekak helduen egitaraua aurkeztu du ikasturte berrirako
2025/09/08
Arrasateko Udal Bibliotekak prest dauka ikasturte berrirako helduen programazioa. Irakurketa ardatz hartuta, bost proposamen desberdin daude aukeran: batetik, literatura solasaldiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez; bestetik, komikizaleentzako klubak euskaraz zein gaztelaniaz. Horiez gain, idazketan trebatu nahi dutenek ere izango dute sormen tailer bat gaztelaniaz.
Literatura solasaldietan taldean elkartu eta aldez aurretik irakurritako liburuak komentatuko dira, dinamizatzaile batek bideratuta. Zenbaitetan idazlea, itzultzailea edo ilustratzailea bertaratuko da gonbidatu gisa.
Nobedade bezala, gaztelaniazko solasaldietan Nobel Saridun emakumeen ziklo bat antolatu da, Amparo Monterok gidatuta. Koordinatzaile berririk ere ez da faltako: Kike Infame komikigileak zuzenduko du gaztelerazko komiki kluba eta Amaia Mariezkurrena hizkuntzalariak euskarazkoa.
Jarduera guztiak doakoak dira eta adi, izena emateko epea irailaren 15etik 21era izango da eta. Informazio osoa kontsultatu eta izena eman dezakezu bibliotekan bertan edo webgunean: https://www.arrasate.eus/eu/biblioteka/jarduerak
Deskargatu egitaraua PDFan hemen.