Arrasateko Udalak TAO sistema eguneratzeko parte hartze prozesua abiatu du
2026/03/09
Arrasateko Udalak abiarazi du Aparkatze eta Igarotze Mugatuko Sistema (TAO) arautzen duen 1/2021 Udal Ordenantza berrikusteko eta eguneratzeko prozesua. Horretarako, aurretiazko kontsulta publikoaren fasea ireki da, herritar, erakunde eta elkarteen iritziak jasotzeko.
Indarrean dagoen ordenantza 2021eko martxoaren 2an onartu zen behin betiko, eta ondoren bi aldaketa puntual izan ditu (2022an eta 2025ean). Orain, Udalak egoki ikusten du araudiaren berrikuspen zabalagoa egitea.
Sistema hobetzeko helburua
Bost urteren ondoren, TAO zerbitzua hobetu eta herritarren beharretara egokitzeko unea iritsi dela uste du Udalak. Berrikuspenaren beharra hainbat arrazoitan oinarritzen da:
- Mugikortasun Plan berria (2025): Planak trafikoan eta aparkalekuetan eragina duten neurriak jasotzen ditu, eta TAO sistema horretara egokitzea beharrezkoa da.
- Esperientziatik ikasitakoa: Sistema indarrean egon den urteotan, hobetu daitezkeen alderdiak identifikatu dira, funtzionamendua sinplifikatzeko eta erabiltzaileentzat errazagoa izan dadin.
- Etorkizuneko kudeaketa: TAO sistemaren zerbitzu-kontratua 2027an amaituko da; beraz, komeni da aurretik sistema egonkor eta eguneratua bermatuko duen araudia izatea.
Prozesuaren helburua: ordenantza sinplifikatzea eta eguneratzea
Helburua da TAO sistema arautzen duen ordenantza sinplifikatzea eta eguneratzea, argiagoa eta eraginkorragoa izan dadin, eta udalerriko mugikortasun-politikekin lerrokatuta egon dadin. Ez da bestelako aukera erregulatzaile edo ez-erregulatzaile esanguratsurik aurreikusten; ordenantzaren berrikuspena da proposatutako bidea.
Herritarren parte-hartzea zabalik
Aurretiazko kontsulta publikoaren bidez, interesa duten herritar, erakunde eta elkarteek beren ekarpenak aurkeztu ahal izango dituzte gaur hasi eta 2026ko apirilaren 13ra arte, honako bide hauen bidez:
- Udalaren web ataria
- BAZen sarrera ofiziala
Kontsultan, besteak beste, honako gai hauei buruzko iritziak jasoko dira:
- Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak
- Arauaren beharra eta egokitasuna
- Lortu nahi diren helburuak
Ondoren, udal teknikariek ekarpen guztiak aztertu ondoren, ordenantza berria idatziko da. Behin idatzita, eta hasieraz onartuta, irailean aurrez-aurreko saioak egingo dira txertatu diren ekarpenak azaltzeko, eta alegazio prozesua irekitzeko.
Arrasateko Udalak herritarren parte-hartzea funtsezkotzat jotzen du udal araudia eguneratzeko prozesuetan, eta herritar zein eragile guztiei dei egiten die ekarpenak egitera.