Bihar egingo da Euskararen Herri Plana osatzeko bigarren lan-saio irekia Kulturaten
2026/05/04
Bihar, maiatzak 5, Arrasateko Udalak "Euskararen Herri Plana" diseinatzeko prozesuaren barruan bigarren lan-saio irekia egingo du herritarrekin. Topaketa Kulturateko Loramendi gelan izango da, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara.
Saio honen helburu nagusia herriko euskararen egoera arloz arlo aztertzea da, indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatuz. EMUNek bideratutako dinamizazioaren bidez, bertaratzen diren herritarrek etorkizuneko erronkak finkatzen lagunduko dute, herrian euskaraz bizi ahal izateko zer behar den zehaztearekin batera.
Udaletik azpimarratu dute herritarren begirada eta ekarpenak jasotzea "oso garrantzitsua" dela plana osatzeko orduan. Horregatik, dei egiten diete arrasatear guztiei saioan parte hartu eta deialdia zabal dezaten, "guztion artean euskararen etorkizuna marrazteko".
Saioaren xehetasunak:
- Eguna: Bihar, maiatzak 5, asteartea.
- Ordua: 18:30 – 20:00.
- Lekua: Kulturate (Loramendi gela).