Arrasateko Udalak BAZ bulegoa berritzeko lanei ekin die, zerbitzua modernizatu eta herritarren beharretara egokitzeko

2026/06/02
Card image cap
20 urte betetzen ditu aurten Biztanleen Arreta Zerbitzuak, eta epealdi honetan jarduera bikoiztu du. Eraberritze lanek irisgarritasuna, konfidentzialtasuna, erosotasuna eta modernizazio teknologikoa dute helburu.

Arrasateko Udalak atzo hasi zituen BAZ (Biztanleen Arreta Zerbitzua) bulegoa erabat berritzeko lanak. Aurten zerbitzuak 20 urte betetzen dituela aprobetxatuz, Udalak instalazioak modernizatzea erabaki du, inauguratu zenetik ez baita egiturazko obrarik egin bulegoan eta egungo beharrak asko aldatu baitira.

“Herritarren arreta hobetzeko urrats garrantzitsua da, zerbitzu pertsonalizatuagoa eta diskreziozkoa emateko. Urtea amaitu baino lehen martxan egongo da BAZ berria” azaldu du Kepa Urteaga zinegotziak.

Gaur egungo beharretara egokitutako proiektua

Lanak 486.139,90 euroko inbertsioa suposatuko du eta ZAMAKOA S.A. enpresak egingo ditu lau hilabeteko epean. Helburu nagusia espazioaren banaketa birdimentsionatzea da, lanpostuen ergonomia hobetzeko eta herritarrei arreta hobea eskaintzeko.

Hauek dira proiektuaren puntu gakoak:

  • Irisgarritasun osoa: Kanpoko ateak automatikoak izango dira eta izaera publikoa izango duen eremuko lurzoru altxatua kenduko da, espazioa erabat irisgarri egiteko.
  • Konfidentzialtasuna eta erosotasuna: Itxaron gela eta tramitazio gela fisikoki eta akustikoki bereiziko dira kristalezko hormen bidez, pribatutasuna bermatzeko. Horrez gain, gela pribatu bat sortuko da behar berezietarako.
  • Modernizazio teknologikoa eta auto-tramitazioa: Sarreran hiru makina dituen auto-tramitazio gela bat egongo da (errolda agiriak, ordainketak eta abarretarako) ordutegi zabalagoarekin. Telefono zerbitzua ere modernizatuko da, internet bidezko sistemara pasatuz eta adimen artifiziala txertatuz.
  • Jasangarritasuna: Leihoen isolamendua hobetuko da eta berokuntza sistema modernizatuko da energia kontsumoa gutxitzeko.

Arrasateko Udalak azpimarratu duenez, 20 urte hauen ostean, ekipamenduak eguneratzea ezinbestekoa zen herritarrei zerbitzu funtzional, moderno eta erosoa eskaintzen jarraitzeko.

Hogei urtetan bikoiztu egin dira BAZeko jarduera

Udalak ezagutzera eman duenez, BAZen jarduera kuantitatiboki zein kualitatiboki aldatu da azken bi hamarkadetan. Arreta-zerbitzua zabaldu zenetik, izapide kopuruak gora egin du nabarmen:

  • 2006an, zerbitzua martxan jarri zenean, 7.000 erregistro inguru bideratu ziren.
  • 2025ean, erregistro kopurua ia bikoiztu egin da, 14.000 sarrerara iritsiz.

Datu horiek erakusten dute zerbitzuak izan duen hazkundea, ez bakarrik kopurutan, baita konplexutasunean ere. Gaur egun, Udaleko sarrerak ez ezik, Estatuko beste edozein administraziotarako sarrerak ere erregistratzen dira, eta pertsona juridikoek izapideak era elektronikoan egitera behartuta daude.

“Iraultzarik handiena izan da sarrerak paperean egitetik era elektronikoan egitera pasatu garela azken urte hauetan. Baraz jauzi kuantitatiboa ez ezik jauzi kualitatiboa ere izan dugu BAZen, eta hori izan da zerbitzua eraberritu behar izatearen arrazoia” azaldu du Edurne Muxikak, BAZeko teknikari arduradunak.