Geurea Rugby Taldeko neskak eta Mikel Velasco, herritarren faboritoak AKSn!

2026/06/18
Card image cap
Gaur, eguena, banatu dituzte AKS’26 sariak, eta Mikel Velasco ardi moztailea eta Geurea Rugby Taldeko neskak izan dira herritarren partetik boto gehien jaso dituztenak. Horiekin batera, Udalak Espainiako pista estaliko txapelketa irabazi duen Eneko Carrascali eman dio denboraldiko kirolari onenaren saria, eta errekonozimenduaren saria, berriz, Mondraitz Kirol Klubeko lagunek jaso dute, hamarkada bat bete dutelako Arrasate-Udalatx lasterketa antolatzen.

San Juanen atarian banatu dituzte aurten ere AKS sariak, eta kirolariak eta herriko kirol elkarte askotako ordezkariak batu dira gaur arratsaldean Kulturolako arkupean. Aratz Arenaza eta Oier Aranegi musikariek izan dute ekitaldia musikaz girotzeko ardura, eta lehenengo bi sariak Udalak erabakitakoak izan dira.

Batetik, hamarkada bat bete duen Arrasate Udalatx mendi lasterketaren antolatzaileek, Mondraitzeko lagunek, jaso dute Udalaren errekonozimendua. Hastapenean herrian halako hitzordu baten hutsunea betetzera etorri zen lasterketa, eta hamarkada bat eta gero lortu dute Euskal Herrian erreferentziazko lasterketa bihurtzea, baita kanpoan ere. Eta horretarako, lagungarria izan da kirol hitzorduak oihartzun mediatikoa izateko egin duten apustua. Plazan pantaila erraldoi bidez hasi ziren lasterketaren une ezberdinak erakusten, eta gaur egun zuzeneko emanaldi bat eskaintzen dute. Bai Goiena Telebistan, eta azken urte honetan baita ETBn ere ikusi ahal izan dena.

Ondoren etorri da sari nagusietako bat, eta hau ere Udalak zuzenean eman du. Eneko Carrascal izendatu dute urteko kirolari onena. Arrasatearrak Espainiako short-track txapelketa irabazi zuen, maila absolutuan, otsail amaieran Valentzian, eta orain arteko kirol lorpenik garrantzitsuena izan da. Real Sociedad taldearekin Espainiako azpitxapeldun izan berri da, eta uztail amaieran izango du urteko beste helburu nagusia, aire libreko Espainiako Txapelketa.  

Hurrengo bi sariak, berriz, herritarren esku egon dira.

Kirol talde onenaren saria aurten bozka bidez erabaki da, eta lau hautagai zeuden finalean: Smartlog Ointxe!ko 3x3 saskibaloiko neskak, Mondragon Unibertsitateko senior mailako saskibaloi taldea, Mondrate areto futboleko senior mailako taldea eta Geurea Rugby Taldeko neskak.

Guztira 573 boto jaso ditu Udalak, eta boto kopuru totalaren %45,5a jasota, Geurea Rugby Taldeko neskak izan dira irabazleak.

Arrasatearrek Elorrioko eta Zornotzako neskekin osatzen dute taldea, eta duela aste gutxi Euskal Liga irabazi zuten Zarautzen jokatutako finalean.

Mondrate geratu da bigarren, boto kopuru totalaren %27,2a jaso du.

Euskal Herriko selekzioarendako mugarria

Eta arratsaldeko ginga Herritarren saria izan da, kasu honetan bakarkako zortzi kirolari zeuden finalisten artean. Denek izan dute bertaratutako publikoaren errekonozimendua, baina aurtengoan arrasatearrek erabaki dute saria Mikel Velascok jasotzea.

Aurten Euskal selekzioa lehenengoz izan da Zeelanda Berrian egiten duten ardi moztaileen Munduko Txapelketan, eta selekzioa ordezkatzeko hautatutakoen artean egon da arrasatearra. Hain zuzen, Velasco beste erronka batean esku hartzen dabil egunotan, kanpoan dabil, eta handik bidali du esker mezua.

Herritarren sarirako, Arrasateko ardi moztaileak boto kopuru totalaren %24,9a jaso du. Bingen Errasti saskibaloi jokalaria geratu da bigarren, botoen %18,4a jasota, eta Ander Murua pilotaria hirugarren, %16a jasota.