Irailaren 25ean, eguenean, ikasturte berriko irekiera emanaldia antolatu du Emakume Txokoak, Kulturateko Areto Nagusian

2025/09/18
Card image cap
Emakume Txokoak hiru artista gonbidatu ditu Kulturateko oholtza hartzera egitarau berriari hasiera emateko: Ane Zubeldia Magriña, Olatz Urkia Larrañaga eta Bea Larrañaga Ibeas, hurrenez hurren. Hirurak, ikastaro bana eskainiko dute Jabetze eskolan ikasturte honetan.

Ane Zubeldiak errezitaldi labur bat eskainiko du, emanaldiaren hasieran. Esparru ezberdinetan aritzen den sortzailea da Ane Zubeldia: musika, dantza, literatura… Eider Adeletxerekin batera Mejillon Tigre taldea sortu eta azken hilabeteetan, Hitz esaneko poesia ekitaldiak eskaini dituzte. Bestalde,  maiatzean argitaratu berri den, Kontra poesia liburua idatzi du Ane Zubeldiak.

Idazleak, Suzko idazketa tailerra eskainiko du Emakume Txokoko Jabetze Eskolan ikasturte honetan.

Formatzaile lanetan dabil, baita ere, Olatz Urkia Larrañaga musikaria eta musika irakaslea Jabetze eskolan. Kantuan elkarrekin aritzeko gune bat bideratzen du bertan, emakumeak ahotsaren, musikaren bidez, elkarrekin saretzeko eta ahalduntzeko helburuarekin. Elkarrekin, emakume abeslarien kantutegia bat osatzen ari dira gune horretan, emakumeen ahotsak, lanak,  lehen lerrora ekartzeko.

Egueneko saioan Jabetze eskolako gune horretako hainbat emakumeren laguntza izango du Olatz Urkia musikariak, elkarrekin errezitaldi labur eder bat eskaintzeko asmoarekin.

Ondoren, Bea Larrañaga Ibeasen Filipa Balbina, Klown emakumeak historian ikuskizuna izango dugu.

Bea Larrañaga, diziplina anitzeko artista da. Arte eszenikoetan 20 urtetik gorako eskarmentua du. Clown antzerkiaren eta komedia fisikoaren artista amorratua. Jolasa eta gizarte-mugimendua ditu inspirazio-iturri. Umorean barna dabil, eta iraultzarako eta hausnarketarako tresna dela adierazten du.

Filipa Balbina Bea Larrañaga Artista konpainiak sortutako proiektua da. Historiako Emakume Pailazoei argia eman nahian sortutako proiektua. Izan ziren, badira eta izango dira…

Historian izan diren Emakume Pailazoak ezagutuko ditugu Filipa Balbinarekin. Gaur egun dauden pailazo asko ezagutuko ditugu eta etorkizunari ikuspegi komiko feministago batekin begiratuko diogu.

Emakume Txokoak, sormena, umorea, hausnarketa eta genealogia feminista, uztartuko dituen emanaldi honetara hurbiltzeko gonbidapena luzatu du.

Emanaldia 19:00etan hasiko da, Kulturateko Areto Nagusian.