Astelehenean ekingo dio berriro bere jarduerari Arrasateko Udal Bibliotekak

2020/05/29
Card image cap
Arrasateko Udal Biblioteka berriz ere irekiko da ekainaren 1etik aurrera, hasiera batean maileguak eta itzulketak egiteko soilik. Ahal bezain laster, egoerak onartzen duenean, eskainiko ditu gainerako zerbitzuak

Astelehenetik aurrera, itzulketa guztiak buzoian egingo dira eta maileguak aldez aurretik eskatu beharko dira etxetik. Aukera desberdinak eskaintzen ditu bibliotekak maileguak egiteko:

  • Online katalogoa erabili daiteke liburuak eskatzeko (www.katalogoak.euskadi.eus)
  • Bibliotekarekin harremanetan jar daiteke mezu elektroniko (kulturate@arrasate.eus) telefono (943 25 20 25) edo whatsapp (688 68 91 13) bidez.

 

Astelehenetik ostiralera ohiko ordutegia mantenduko du liburutegiak: goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Larunbatetan 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Goizeko lehen orduan, 10:00etatik 11:00etara, 70 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute.

Arrasateko Udalak segurtasun neurriak errespetatzeko eskatzen die herritarrei, guztion osasuna bermatzeko. Maskarila eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea derrigorrezkoa da liburutegian eta segurtasun tartea mantendu beharko da. Mendekotasuna duen pertsona bat izan ezean, instalazioetara banaka agertzea eskatzen da eta 14 urtetik beherakoak beti heldu batekin.