Arrasateko Elikadura Mahaia publikoki aurkeztu dute “Karanketan” izenpean, tokiko elikadura-sistema indartzeko asmoz
2026/06/05
“Karanketan - Arrasateko Elikadura Mahaia” aurkeztu dute gaur Kulturaten. Ekitaldi publiko honetan, herriko elikadura-estrategia berria eta gobernantza eredua aurkeztu dituzte proiektua osatzen duten eragileek, ekoizpenetik kontsumora doan bidea modu jasangarri eta kolektiboan lantzeko asmoarekin.
Karanketan: mahaiaren inguruan egiten den lan kolektiboa
Proiektuaren izenak Arrasateko herri-hizkerari eta tradizioari egiten dio keinu. Arrasaten, “karanketan” egitea aletzea da (baba, artoa edo idarra aletzea, esaterako). Mahaiaren inguruan egiten den lan kolektibo eta tradizionala da, non uzta biltzeaz gain, hazirik onenak etorkizunean ereiteko gordetzen diren.
Irudi zirkularraren bidez, Karanketan egitasmoak auzolana, komunitatea eta elikaduraren zikloa irudikatu nahi ditu, tokiko ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko etengabeko mugimendua adieraziz.
Tokiko estrategiarako elkargunea
Karanketan krisi ekosozialaren aurrean elikagaien ekoizpena eta kontsumoa berlokalizatzeko beharretik sortu da. Bere helburu nagusia Arrasateko tokiko elikadura-kate osoa indartzea da, agroekologian oinarritutako eredu osasuntsu eta jasangarria sustatuz.
Proiektua gobernantza eredu horizontal baten bidez kudeatzen da, eta honako eragile hauek osatzen dute:
- Arrasateko Udala.
- Ereindajan Arrasate.
- Landa Garapen Elkartea eta Biolur Gipuzkoa.
- Tokixan Egitasmoa eta Txatxilipurdi.
- Tokiko ekoizleak: Naiara Uriarte (Errastiko Ogia) eta Ane Gorosabel (Elkoro Baserria).
Ibilbidea eta etorkizuneko erronkak
Gaurko aurkezpena 2024ko uztailean hasitako prozesu baten emaitza da. Ordutik, formazio saioak eta aktibazio jarduerak egin dira taldea egonkortzeko. Gaur egun, Karanketan hainbat ekintza zehatz ari da garatzen, hala nola:
- “Lurretik Mahaira! Ekoizleekin kozinatzen” ikastaro hezitzaileak (maiatzean hasitakoak eta irailetik aurrera jarraipena izango dutenak).
- Sentsibilizazio jarduerak eta hitzaldiak herritar guztiei zuzenduta.
- 2027ko plangintzaren lanketa, herritarren iritzia jasotzeko espazio irekiak bultzatuz.
Aurkezpenari amaiera emateko, ekimenaren balioak gogorarazi dituzte: agroekologia, ekoizleen duintasuna, feminismoa eta elkargune inklusiboak sortzea. Proiektuaren leloak dioen bezala: “Herri burujabeak KARANKETAN jarraituko dugu” amaitu dute.