Zarugalde kalea atseginago eta seguruago egiteko lanak abiatu ditu Udalak

2026/04/14
Card image cap
Hirigintza taktiko bidezko esku hartzea izango da, oinezkoei lehentasuna emanez, bidegorria sortuz eta garajeetako kotxeen sarbidea soilik baimenduz. Auzotarrek azken urteetan egindako eskaera bati erantzunez burutuko dira lanak, izan ere, segurtasun arazoak salatu dituzte kotxeen abiadura handiagatik.

Arrasateko Udalak, Mugikortasun Jasangarrirako Planaren baitan, udalerria jasangarriagoa, irisgarriagoa, seguruagoa eta bizigarriagoa egiteko estrategia abiatu du. Testuinguru horretan, Zarugalde kalean esku-hartze berritzaile bat burutuko da, herritarren beharrak erdigunean jartzeko eta kalearen erabilera eraldatzeko.

Gaur hasi dituzte lehen lanak, kalean zeuden pibote guztiak kentzen, eta bihartik aurrera hasiko dira margoketa lanekin. Margoketa lanak egiteko euririk ez egitea ezinbestekoa da, eta, ondorioz, lanak eguraldiaren arabera gehiago edo gutxiago luzatu daitezke.

Bizilagunek bultzatutako aldaketa

Azken urteotan, Zarugalde kaleko bizilagunek behin eta berriz adierazi dute euren kezka ibilgailuen abiadura handiak sortzen dituen segurtasun arriskuengatik. Kalea oinezkoentzat seguruagoa izatea eskatu dute, bereziki adinekoen eta haurren mugikortasuna bermatzeko. Horrez gain, espazio atseginago eta lasaiago baten beharra azpimarratu dute, auzoko elkarbizitza sustatuko duena eta eguneroko bizitza kalitate hobean garatzeko aukera emango duena.

Zarugalde berriaren ezaugarriak

Esku-hartzearen helburu nagusia kalea oinezkotzea eta herritarrei atsedenerako, jolaserako eta elkarbizitzarako gune seguruak eskaintzea da. Hona hemen aldaketa nagusiak:

  • Oinezkoentzako espazio gehiago: Iparraldeko espaloian espazioa irabaziko da mugimendu librerako.
  • Bizikletentzako bidea: Noranzko biko bidegorria planteatzen da; norantza batean ibilgailuekin elkarbanatuta eta bestean bizikletentzat soilik.
  • Segurtasuna eta irisgarritasuna: Zebrabide berri bat jarriko da, piboteak kenduko dira eta soilik garajeetako ibilgailuak pasa ahalko dura. Hauek, gainera, abiadura murriztu beharko dute nabarmen, horretarako taktikak erabiliz.
  • Gune atseginak: Lorontziak eta eserlekuak jarriko dira arrasatearrentzat gune goxo eta lasaiak sortzeko.

Garrantzitsua da azpimarratzea, trafiko orokorra mugatuko den arren, garajeetarako sarbidea eta larrialdietako ibilgailuen igaroa uneoro bermatuta egongo dela.

Planoa.png

Ulertzeko kode bisuala: nola irakurri kale berria?

Eraldaketa hau hirigintza taktikoa deituriko metodoaren bidez egingo da. Hirigintza taktikoa espazio publikoan egiten diren behin-behineko esku-hartzeak dira. Aldaketa zurrun eta atzeraezinak eragiten dituzten obra garestiak egin beharrean, pintura eta hiri-altzariak erabiltzen dira proposatutako diseinuak probatzeko.

Herritarrei aldaketa hauek ulertzen laguntzeko eta kalean nola jokatu jakiteko, Udalak kode bisual argi bat erabiliko du lurrean margotutako formen bidez:

  • Zirkuluak (Elkarguneak): Guztiz margotutako gune borobilak izango dira, pertsonak elkartzeko eta harremanak izateko espazioak.
  • Triangeluak (ibilgailuen sarrera-irteerak): Perimetroa soilik margotuta izango dute eta garajeetako ibilgailuen sarrera-irteerak markatuko dituzte.
  • Lerroak (Mugimendua): Oinezkoentzat irabazitako espazioa adierazten dute, non libreki ibili daitekeen.

Esku-hartze hau lehen urrats gisa planteatzen da, arrasatearren eta bizilagunen segurtasuna eta konforta hobetzeko asmoz. Behin egikaritutakoan, behaketa prozesu bat egingo da bizilagunekin batera eraldaketaren balorazioa egiteko. Zarugalde kalean dauden bizilagunen aparkalekuak Otalora kalean berreskuratu dira.