Arrasatek 2026-2036rako Euskararen Herri Plana onartu du, euskara eremu guztietan indarberritzeko helburuarekin
2026/07/22
Arrasateko Udaleko Osoko Bilkurak Arrasateko Euskararen Herri Plana (2026-2036) onartu du aho batez, herrian euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko bide-orri berria finkatuz. Plan estrategiko honek AROA markoa du oinarri, eta haren helburu nagusia Arrasaten euskara indarberritzea eta euskaldunak ahalduntzea da.
Joseba Ezpeleta Euskara zinegotziak gogorarazi duenez, 2024ko abenduan udal barrurako plana onartu zen, baina "euskararen normalizazioak ez du udaletxeko hormen artean gelditu behar eta horregatik da funtsezkoa herri mailako ikuspegia eta plana bera". Gobernu honek bere gobernu planean jasota zuen bezala, plan berri honek euskara eremu guztietan indarberritzea eta normalizatzea du helburu, euskara batzordearen adostasun osoarekin eta Udalbatzaren babesarekin.
Garrantzia eta balio estrategikoa euskararentzat
Plan berri hau onartzea mugarri garrantzitsua da Arrasaterentzat eta euskararen biziberritzearentzat. Azken 20 urteetan egindako ibilbideari jarraipena ematen dio —2006ko EBPN eta 2012 zein 2018ko ESEP planak lekuko—, baina oraingoan ikuspegi estrategikoago eta adostuago batekin dator. "Denok dakigu euskarak ez duela haizea bere alde eta urrats txiki zein handi, guztiaren beharrean dagoela bere biziraupena bermatzeko" adierazi du Ezpeletak.
Euskararentzat duen garrantzia funtsezkoa da, erabilera eremu guztietan aktibatzea baitu helburu: aisialdian, kirol jardueretan, lan-munduan eta lagunartean, euskaraz bizitzeko aukera herritar guztientzat errealitate bihurtuz. Planak Arrasate "herri adeitsu" eta "identitate anitzen topagune" gisa irudikatzen du, non euskararen sare-lanak herri kohesioa indartuko duen.
Elkarlanean eta herritarrekin diseinatua
Dokumentuaren ezaugarri nagusietako bat bere izaera parte-hartzailea da. Diseinua herritarrekin eta herriko euskalgintzarekin batera osatu da, saio irekien eta arduradun politikoekin egindako lanaren bidez. Horrela, lidergo konpartitua eta adostasun politiko zein sozial zabala bilatu dira, euskara sustatzeko estrategia bateratua eta osagarria izan dadin. Plana 6 hilabetean zehar landu da, eta EMUN kooperatiba bidelagun izan du Udalak.
Plan honek herritarrak, eragile sozialak eta ekonomikoak hartzen ditu barnean: merkataritza, ostalaritza, kirol-elkarteak, kultur taldeak, auzo-elkarteak, lan mundua, aisialdia eta baita atzerritik etorri direnak ere. Zinegotziak azpimarratu duenez, "normalizazio osoa ez da posible herritarren inplikaziorik gabe", euskara bizitzaren esparru guztietan presente egon dadin.
Lan-ildo nagusiak
Hurrengo hamarkadarako erronkak lau ardatz estrategikoren inguruan egituratu dira, bakoitzak bere ekimen eta jarraipen-adierazleekin:
- Gobernantza: Erakundeen eta eragileen arteko elkarlana eta lidergoa sendotzeko.
- Ezagutza eta gaitasuna: Herritarren euskara maila eta trebetasuna garatzen jarraitzeko.
- Jarrerak eta motibazioa: Erabileran eragingo duten jarrera proaktiboak sustatzeko.
- Erabilera: Euskara herriko txoko, belaunaldi eta jarduera guztietan bermatzeko.
Etorkizuneko konpromisoa
Udal plana eta herri mailako plana "txanpon beraren bi aldeak dira"; Udalak euskaraz egiten badu eredu delako, eta herriak euskaraz egiten badu Udalaren plangintzak zentzua hartzen duelako. Planaren helburuak ez dira epe motzekoak, begirada luze eta estrategikoa baitu, euskarari beste estatus bat emateko. "Euskara normalizatzeko plana ez da paper bat, konpromiso bat da", udalak eta herriak elkarrekin egindako bide-orria euskararen etorkizuna bermatzeko.
Euskara Batzordeak akordio honen berri emango dio Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, Arrasatek hizkuntza-normalizazioarekin duen konpromiso irmoa berretsiz.