Landa auzoetako bizilagunentzat taxi zerbitzua eta Lurraldebus zerbitzu berezia Maritxu Kajoi egunerako
2025/10/01
Maritxu Kajoi egunean garraio publikoen errefortzu berezia egongo da Arrasaten. Helburua da herritarren joan-etorri seguruak bermatzea, kotxea hartzea ekidiz, eta herritarren mugikortasun iraunkorrak bermatzea.
Landa auzoetarako Udalaren taxi zerbitzua
Arrasateko Udalak Maritxu Kajoi egunean taxi zerbitzua jarriko du landa auzoan bizi diren bizilagunentzako. “Duela urtebete jarri genuen lehen aldiz martxan landa auzoetarako taxi zerbitzu berezia, eta, azken jaietan izandako arrakasta ikusita, zerbitzua errepikatzea erabaki dugu. Modu honetan, landa auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu” adierazi dute.
Zerbitzua adin guztietako pertsonentzako izango da, betiere landa auzoarekin konektatzeko bada. Zerbitzua soilik emango da Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar edo herriko beste landa gune batzuetan kokatutako baserrietara mugitzeko. Atez ateko zerbitzua eskainiko da bidaiarien segurtasuna bermatzeko.
Oraingoan ere, euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko du pertsona bakoitzak. “Modu honetan, autobus zerbitzuarekin parekatuko dugu zerbitzua” azaldu dute Udaletik.
Maritxu Kajoi egunean eskainiko da taxi zerbitzua, 22:00etatik 08:00etara. Horretarako, aurrekoetan egin bezala, 688 73 52 23 telefonora deitu beharko da (21:30etik aurrera martxan egongo da), eta taxistekin hitzordua adostu.
Lurraldebus zerbitzu berezia gabean
Ohikoa den bezala, Maritxu Kajoi egunean, Lurraldebus zerbitzu berezia izango da gabean, eskualdeko herrien artean. Urriaren 3ko gauean gaueko zerbitzuak izango dira, urteko gainerako larunbatetako linea (DG40G eta DG41G) eta ordutegi berberekin. Horrez gain, larunbat goizean Arrasatetik abiatzen diren lineek errefortzuak izango dituzte. Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.