Zaldibar eta Biteriko haur parkeek zoru berritua izango dute aurrerantzean

2025/06/09
Card image cap
Gaur hasi dituzte Zaldibarreko haur parkeko lurzorua berritzeko lanak, eta 4-5 egunetako iraupena izatea aurreikusten du Udalak. Biteriko haur parkea maiatzean berritu zen.

Astelehenarekin batera hasi dituzte Zaldibar parkeko lurra berritzeko lanak, eta, honekin, Zaldibar eta Biteriko haur parkeek gomazko lur berritua izango dute “haurren segurtasuna bermatzeko”.

“Urteak pasa ahala eta erabileraren ondorioz, Biteri eta Zaldibarreko haur parkeen kautxozko lurra egoera txarrean zegoen, eta haurren segurtasuna bermatzeko, eraberritzeko apustua egin dugu Udaletik” adierazi du Kepa Urteaga zinegotziak.

Zaldibarreko parkea 4-5 egunez itxita

Lurra berritu ahal izateko haur parkea itxi egingo da lanak burutu bitartean. Horretarako, parkea hesituta egongo da datozen 4-5 egunetan zehar.

Zaldibarreko lur berria jartzeko lanak gaur hasi badira ere, Biterikoa maiatzean berritu zen. “Lan hauek egiteko ezinbestekoa da euririk ez egitea, bestela materiala hondatzen da. Horregatik, euririk gabeko aurreikuspenetara itxaron behar izan dugu bigarren haur parke hau berritzeko. Dena ondo bidean, ostiralean erabilgarri izango da berriz ere Zaldibarreko parkea”.

Mantentze lanak inbertsio segurua

Bi parkeak berritzeko lanak Sumalim enpresak egingo ditu, eta 23.985 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Urteagaren hitzetan, Udal azpiegituretan mantentze lanak egitea “ezinbesteko neurria da zerbitzu publikoen kalitate ona mantentzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Gainera, mantentze lan hauek, epe luzerako inbertsoak ere badira, izan ere, azpiegitura zainduak eta berrituak mantenduz, hauen zahartzea ekiditea lortzen dugu”. 

Zaldibarreko haur parkea