Arrasateko Udalak zerbitzu publikoen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzeko tasen doikuntza arduratsua onartu du 2026/2027 ikasturterako

2026/06/10
Card image cap
Argazkia: Pexels Emil Kalibradov
Aldaketa honek %2ko igoera aurreikusten du, aurten espero den KPIaren (Kontsumo Prezioen Indizea) araberakoa, eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen etorkizuna ziurtatzea du helburu. Proposamenaren alde bozkatu zuten atzoko Osoko Bilkuran EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Arrasatek; EAJk kontra bozkatu zuen. Aurrez aurreko ikastaroen igoera 3 zentimo eta 84 zentimo artekoak izango dira.

Arrasateko Udalak, Ogasun Batzordearen aldeko irizpenarekin, 2026/2027 ikasturterako tasen ordenantza fiskala eguneratzea onartu du. Aldaketa honek %2ko igoera doikuntza aurreikusten du, aurten espero den KPIaren (Kontsumo Prezioen Indizea) araberakoa, eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen etorkizuna ziurtatzea du helburu. Proposamenaren alde bozkatu zuten atzoko Osoko Bilkuran EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Arrasatek; EAJk kontra bozkatu zuen.

Arduraz jokatzea, epe motzeko populismoaren aurrean

Udal gobernuak argi utzi nahi izan du neurri hau arduratik hartutako erabakia dela. Zinegotziaren esanetan, "errazena aldaketarik ez egitea eta beldurti jokatzea litzateke", baina epe motzeko ikuspegi horrek egiturazko arazoak dakarzkio herriari. Urteetan zehar, tasak ez eguneratzeak dirubilketa maila murriztea ekarri du, zerbitzuen kostuak gora egiten jarraitzen zuen bitartean, sarrera eta gastuen arteko arrakala arriskutsua handituz.

Zergatik da beharrezkoa %2ko doikuntza hau?

Udalaren helburu nagusia zerbitzuen kalitatea mantentzea da, eta horretarako lau zutabe nagusi nabarmendu ditu igoera arrazoitzeko:

  1. Zerbitzuak finantzatzeko ahalmena mantentzea: Inflazioak udal diru-sarreren balioa jaten du. Tasak KPIaren arabera eguneratu ezean, Udalak zerbitzuak finantzatzeko gaitasuna galtzen du.
  2. Egiturazko defizitak saihestea: Tributuak izozteak defizitak sortzen ditu. Horrek, epe luzera, murrizketak egitera edo kanpoko finantzaketarekiko mendekotasun handiegia izatera behartu dezake Udala.
  3. Finantza-autonomia eta oreka: Doikuntza honekin ez da presio fiskal erreala handitzen, sarreren balioari eusten zaio soilik. Horrela, etorkizunean herritarrentzat kaltegarriagoak liratekeen igoera bortitzak ekiditen dira.
  4. Zerbitzu publikoen defizitari aurre egitea: Gaur egun zerbitzu hauetan dagoen defizita "ikaragarria" da eta Udalak gerakinik gabeko egoera baterantz darrai. Egoera honetan, finantziazio iraunkor eta irmoa izatea funtsezkoa da.

Kalitatezko zerbitzuak Arrasatearrentzat

Udalaren egoera ekonomikoa ona den arren, prebentzioz eta zuhurtziaz jokatzea dagokio erakundeari. Tasen eguneratze hau herritarrentzat "zentimo kontua" den bitartean, Udalarentzat ezinbesteko tresna da herriko eskaintza publikoa balio errealean mantentzeko eta gastu ahalmenik ez galtzeko. Izan ere, datuetan oinarrituta, aurrez aurreko ikastaroen igoera 3 zentimo eta 84 zentimo artekoak izango dira. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako Udal Euskaltegiko Moodle plataforma bidezko ikastaroei ere %2ko igoera doikuntza aplikatuko zaie. Ikastaro hauek finantziazio iturri ezberdina dutenez, matrikulak garestiagoak dira, eta eragina ezberdina izango da.

Laburbilduz, Udalak kudeaketa eredu arduratsu baten aldeko apustua egin du, etorkizuneko murrizketak saihestuz eta Arrasateko zerbitzu publikoen bikaintasuna babestuz.