Hobari sistema progresibo berriak laguntza gehiago emango ditu, gutxien duenak gutxiago ordaindu dezan
2026/01/14
Tributu Sistema Progresiboa ezartzeko lehen urratsa indarrean da. Hala jakinarazi du Udalak, eta, dagoeneko eskatu daiteke 3 zerga eta tasen gaineko hobaria.
Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak, azaldu duenez. “Jauzi kualitatibo handia da aurten indarrean sartzen den tributu sistema progresiboa. Lehen urratsa da, baina bidea irekiko diona datozen urte eta agintaldietan progresibidadean sakontzen joateko. Izan ere, neurri garrantzitsu honetan pertsona eta familia langileak izango dira onuradunak: gutxien duenak, gutxiago ordainduko du”.
Aurrerantzean, hobariak emateko, pertsonen ezaugarriak kontutan hartu beharrean, pertsonen egoera ekonomikoa hartuko da kontutan, hau da, ikasleek, guraso bakarreko familiek, pentsionistek edo desgaituek, soilik duten izateagatik ez dute hobaririk izango. Hobaria izateko irizpidea egoera ekonomikoa izango da (ondarea eta diru-sarrerak) eta, beraz, pertsonak hobarituko dira soilik egoera ekonomikoaren arabera, behar ekonomikoa dutenean. Horrela, ekonomikoki beharrik ez dutenek, tarifa arruntak ordaindu beharko dute, gainontzeko herritarrek bezala. “Guzti hau eredu aldaketa bat da, progresibitatearen bidetik”.
Diru sarreren araberako laguntzak, gutxien duenak gutxiago ordaindu dezan
Aipaturiko 3 hobariek irizpide ekonomikoak lehenetsiko dituzte, lehen ez bezala, eta helburua da “pertsona eta familia langileek beraien ahalmen ekonomikoaren arabera ordain dezatela”. Izan ere, Udalak egindako diagnosi sozio-ekonomikoaren arabera (2024an) Arrasateko batez besteko errenta pertsonala 26.749 eurokoa izan zen (31.751 € gizonetan eta 22.001 € emakumeetan). “Ezberdintasun handiak daude errenten artean, eta progresibotasun horren isla izan behar du kutxa amankomuna den Udalean”. Hobariak eskatzeko epea dagoeneko zabalik dago.
Hori horrela, familia-unitatearen errenta eta ondare maila izango dira kontuan. Horretarako, PFEZ aitorpeneko datuak eta banku-ondarearen mugak erabiliko dira. Gainera, zenbait egoeratan kenkari gehigarriak jasoko dira: guraso bakarreko familien kasuan, genero-indarkeriaren biktimen kasuan edo %33tik gorako desgaitasuna duten kideen kasuan.
Gizarte Zerbitzuetako laguntzei eragin gabe
Aipatutako hobariek ez dute eraginik izango Gizarte Zerbitzuek eskaintzen duten laguntzetan. “Gizarte Zerbitzuetako laguntza bestelakoak dira, eta egoera larrian dauden pertsona eta familiei laguntzeko helburua dute. Laguntza independienteak dira, eta horiek Gizarte Zerbitzuetako teknikarien irizpide eta balorazioek ezarritakoak dira. Tributu Sistema berrian baloratzen diren irizpideak ekonomikoak dira” azaldu du Ezpeleta zinegotziak.
Komertzioa edota energia berriztagarriak sustatzeko hobariak
Errentaren araberako hobariez gain, bestelako politikak sustatzeko hobariak izango dira. Besteak beste daude energia berriztagarriak sustatzeko hobariak, alokairua sustatzeko hobariak, komertzio berriak sustatzeko hobariak edota arrazoi sozial, kultural edo historiko-artistikoak dituzten proiektuak gauzatzeko hobariak.
Etxez etxeko informazio eskuorria

Egunotan etxez etxe banatzen ari da Udala eskuorri informatiboa. Bertan hobari guztein berri emateaz gain, egutegi fiskala ere ematen du ezagutzera, ordaindu beharreko zergak noiz eta nola ordaindu behar diren jakitera emanez. Horrela, Udalak "gardentasuna eta informazio osoa" eskaini nahi die herritarrei zergei eta horiek izan ditzaketen hobariei buruz.
Hauek ordaintzeko, epe jakin bat baino gehiago dago; besteak beste urtekoak, seihilekoak edo hiru hilean behin ordaintzen diren zergak. Arrasateko Udalak horien guztien berri eman du eta epealdien kobratze datak jakinarazi ditu, "herritarrei plangintza bat errazteko".