Debagoieneko Mankomunitateak aro berri bati ekin dio gobernantza eredu eta irudi korporatibo berrituarekin

2026/06/16
Card image cap
Eskualdeko gobernantza eredua eraldatzeko apustua egin dute, lankidetza publiko-komunitarioa eta gertutasuna ardatz hartuta. Irailetik aurrera eredu berria martxan jarriko da. Aro berri honi ekiteko irudi korporatibo berria aurkeztu du Mankominitateak, “Herriz herri. Aurrez aurre” lelopean, eta eskualdearen nortasuna biltzen duten elementu grafikoak jasoz.

Debagoieneko Mankomunitateak ekitaldi publikoa egin du gaur eguerdian Aretxabaletako Ideienean, erakundearen norabide estrategiko berria eta irudi korporatibo berritua ezagutzera emateko. "Herriz herri. Aurrez aurre" lelopean, Mankomunitatearen aro berria iragarri dute, eskualdeko gobernantza eredua eraldatzeko apustua berretsiz, lankidetza publiko-komunitarioa eta gertutasuna ardatz hartuta.

Ekitaldiak eskualdeko askotariko eragileen parte hartzea izan du. Publikoaren artean Debagoieneko zortzi udaletako ordezkariak, enpresa munduko arduradunak, gizarte eragileak eta herritarrak elkartu dira, "herriz herri eta aurrez aurre" lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsiz.

Gobernantza eredu berria: hiru ardatz eta lidergo kolektiboa 

Aurkezpenean azaldu dutenez, Mankomunitateak hiru ardatz estrategiko nagusitan sakonduko du hemendik aurrera: arlo sozialean, ekonomikoan eta ekologikoan. Dorleta Elkorobarrutia Mankomunitateko lehendakariak nabarmendu duenez, hiru dimentsio hauek estu lotuta daude: "Ez dago ekonomia sendorik pertsonen ongizaterik gabe. Ez dago ongizaterik ingurune osasuntsurik gabe. Eta ez dago trantsizio ekologikorik komunitate sendo bat gabe".

Eredu berri honek lidergo kolektiboa eta lankidetza sustatzea du helburu, erronka garaikideei —hala nola aldaketa klimatikoari, digitalizazioari edo desberdintasun sozialei— modu partekatuan erantzuteko.

Mankomuniatea_gonbidatuak.jpg

Irudi berria: komunitatea, natura eta ibaia 

Gobernantza eraldaketa horren isla gisa, Mankomunitateak marka berria estreinatu du. Logo berriak, "arin eta erraz identifikatzeko modukoa" denak, eskualdearen nortasuna biltzen duten elementu grafikoak ditu: komunitatea irudikatzen duen biribila, naturari erreferentzia egiten dion hostoa, eta, eskualdea gurutzatu eta herriak lotzen dituen ibaia gogorarazten duten kurbak.

Lehendakariaren hitzetan, marka hau ez da irudi aldaketa huts bat: "Gaur aurkezten duguna marka berri bat da, bai. Baina, gaur ez gara logoez edo koloreez bakarrik hitz egitera etorri. Gaur Debagoienaz hitz egitera etorri gara". Gainera, erantsi du irudi honek "norabide bat, lan egiteko modu bat eta etorkizunarekiko konpromiso bat" islatzen dituela.

Dorleta_Mankomunitatea.jpg

Eskualdeko eragileen ahotsa 

Ekitaldian zehar, Ines Osinagaren musika lagun zela, eskualdeko hainbat eragilek hartu dute hitza, Mankomunitateak bultzatzen duen lankidetza horren testigantza emateko. Aritz Otxandiano Kanpo (Debagoiena 20230eko ordezkaria, Carla Añón Hernandez (Enpresareko ordezkaria), Aitziber Zubillaga Murguiondo (Batuz Gizarte Fundazioko ordezkaria - Emaus Fundazio ohia) eta Garikoitz Aiesta Etxaniz (DEBA GARAIA, Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteko Teknikari-Kudeatzailea) izan dira, besteak beste, bailarako "kapital humanoaren" eta proiektu kolektiboen garrantzia azpimarratu dutenak.

Ekitaldiari amaiera emateko, Elkorobarrutiak dei egin die bertaratutakoei gaurkoa "abiapuntu bat" izan dadin, Debagoienaren etorkizuna modu kolektiboan eraikitzen jarraitzeko: "Debagoiena ez da kasualitatez gaur dena. Pertsona askoren lanari esker eraiki da. Herriz herri, aurrez aurre".


Mankomunitatea_eragileak.jpg