Arrasateko Udalak matrikula irakurgailuen bidezko sistema berri bat ezarriko du Alde Zaharrean udaberri honetan
2026/04/13
Arrasateko Udala, Udaltzaingoaren bidez, Alde Zaharreko oinezkoentzako guneetara sartzeko kontrol sistema berrituko du. Aldaketa honen helburu nagusia gaur egun kale horietan dauden pibote fisikoak kentzea da, azkenaldian arazo eta matxura ugari sortu baitituzte.
Sistema berria matrikula-irakurgailu automatikoetan oinarritzen da. Gailu hauek leku estrategikoetan jarriko dira eta baimendutako ibilgailuak (egoiliarrak, zerbitzu publikoak...) automatikoki identifikatzeko gai izango dira, baimenik ez dutenei sarbidea mugatuz.
Ez dira ohiko bideo-zaintza kamerak
Udalak bereziki azpimarratu nahi du instalatuko diren gailuak matrikula-irakurgailu espezifikoak direla. Ez dira herritarrak grabatzeko ohiko kamerak; horien funtzio bakarra ibilgailuen matrikulak detektatzea eta irakurtzea da, aparkaleku (parking) askotan dagoeneko erabiltzen diren irakurgailuen modura. Horrela, pribatutasuna bermatzen da, gailu hauek soilik trafikoaren kontrolerako eta baimenak egiaztatzeko erabiltzen baitira.
Sistemaren abantailak
Piboteak kendu eta irakurgailu hauek jartzeak hainbat onura ekarriko dizkie herritarrei eta herriari:
- Segurtasuna eta eraginkortasuna: Larrialdi zerbitzuen (anbulantziak, suhiltzaileak...) erreakzio-denbora gutxituko da, piboteak jaisteko itxaron beharrik ez dutelako izango.
- Matxurak ekiditea: Pibote fisikoek sortzen dituzten arazo teknikoak eta horiek konpontzeak dakartzan eragozpenak desagertuko dira.
- Oinezkoentzako gunea indartzea: Alde zaharra oinezkoentzako benetako gune bilakatuko da, ibilgailuen sarrera eta bertan emandako denbora modu automatikoan kontrolatuko baita.
Maiatzean ezarriko direla aurreikusten du Udalak
Guztira, honako gune hauetan kokatuko dira matrikula-irakurgailuak: Maalako Errabala, Gazteluondo kalea, San Frantzisko kalea, Erdiko kalea, Arrasate pasealekua, Mitarte kalea, Olarte kalea (Arbolapeta) eta Zerkaosteta kalea.
Lanak maiatzean zehar egin asmo direla jakinarazi du Udalak, eta indarrean jarri baino lehenago bizilagunekin edota banatzaileekin lanketa egingo da sistema berrira egokitzeko epea ezarriz. Sistema berri honek, gainera, indarrean dagoen datuen babeserako legedia zorrotz betetzen du, informazio guztia enkriptatuta gordeko delarik.