Arrasateko Udal Bibliotekak helduen programazio berria aurkeztu du

2026/09/07
Card image cap
Irakurketa eta musika ardatz, bibliotekak aurreko urteko bost proposamenei eutsiko die eta, nobedade gisa, El Club del LP musika kluba jarriko du martxan.

Arrasateko Udal Bibliotekak prest dauka 2026-2027 ikasturterako helduen programazioa. Irakurketa izango da eskaintzaren ardatz nagusia, eta aurreko urteko bost proposamenekin jarraituko du: euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko literatura solasaldiak, batetik, eta komiki klubak euskaraz eta gaztelaniaz, bestetik. Aurten, gainera, nobedade gisa, El Club del LP musika kluba gehituko zaio programazioari.

Nobedadea: El Club del LP musika kluba

El Club del LP saioetan, rockaren eta soul musikaren historiako oinarrizko diskoak aztertuko dira, London Calling edota Back to Black, besteak beste. Saioak Joserra Rodrigok gidatuko ditu, eta diskoen testuinguru historikoa, musikala eta kulturala ezagutzeko aukera eskainiko dute. Saioak gaztelaniaz izango dira, eta ez da aldez aurretik izena eman beharko; saio irekiak izango dira, beraz, interesa duen edonor bertaratu ahal izango da.

Literatur solasaldiak taldean

Literatura solasaldietan, berriz, parte hartzaileak taldean elkartuko dira aldez aurretik irakurritako liburuei buruz hitz egiteko eta iritziak partekatzeko, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Gainera, zenbait saiotan idazlea, itzultzailea edo ilustratzailea bertaratuko da gonbidatu gisa, irakurritako lanei buruzko esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko.

Izen-emateak eta informazio gehiago

Programazioko jarduera guztiak doakoak dira eta izen-emate epea irailaren 14tik 20ra izango da. Informazio osoa kontsultatu eta izena eman dezakezu bibliotekan bertan edo webgunean: https://www.arrasate.eus/eu/biblioteka/jarduerak

Deskargatu egitaraua PDFan: https://www.arrasate.eus/eu/web/biblioteka/images/folletoa.png