Landa auzoetako bizilagunentzat taxi zerbitzua jarriko du Arrasateko Udalak San Juan bezperan, ekainaren 23an
2025/06/19
Arrasateko Udalak San Juan jaietan taxi zerbitzua jarriko du landa auzoan bizi diren bizilagunentzako. “Maritxutako edota Santamasetako arrakasta ikusita, zerbitzua San Juan jaietara lehen aldiz zabaltzea erabaki dugu. Modu honetan, landa auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu” adierazi dute.
Zerbitzua adin guztietako pertsonentzako izango da, betiere landa auzoarekin konektatzeko bada. Zerbitzua soilik emango da Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar edo herriko beste landa gune batzuetan kokatutako baserrietara mugitzeko. Atez ateko zerbitzua eskainiko da bidaiarien segurtasuna bermatzeko.
Euro bateko ordainketa
Oraingoan ere, euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko du pertsona bakoitzak. “Modu honetan, autobus zerbitzuarekin parekatuko dugu zerbitzua” azaldu dute Udaletik.
Ekainaren 23an, San Juan bezperan
Ekainaren 23 gauean eskainiko da taxi zerbitzua, 22:00etatik 08:00etara. Horretarako, aurrekoetan egin bezala, 688 73 52 23 telefonora deitu beharko da (21:30etik aurrera martxan egongo da), eta taxistekin hitzordua adostu.