Maiatzaren 7an, eguenean “80 amandre” ipuin kontaketa saioa eskainiko du Dorleta Kortazar Alkozek Emakume Txokoan.
2026/05/04
Otsailean hasita, gure arbasoak, gure aurreko emakumeak* ezagutzeko eta euren ekarpena balioan jartzeko ikastaroa izan dugu Jabetze eskolan, Pepa Bojo Ballesterrek gidatuta. Ikastaroaren helburua izan da emakumeek* historian izan duten papera aitortzea; euren oroimena, jakintzak eta ekarpenak berreskuratzea eta gizarteak, familiek eta guk geuk eman diogun garrantzi txikia dela eta, itzalean geratu dena agerian uztea.
Martxoan, Uxue Alberdiren Esne berriketan liburua aurkezteko bertso-saio literario musikatua izan genuen. Liburuak eta emanaldiak, andrazkoei buruzko istorioak jaso ditu, nagusiki emakumeek* kontatuak. Gure aurreko jendea da; gu geu, urrats bat atzera eginda. Kontakizun bakoitzak izan nahi luke berba-habia bizi bat, gordin-gordinik erakusten duena giza-materiaren zatiren bat, pozari esanez poza, minari esanez mina. (Uxue Alberdi)
Genealogia feminista ariketarekin jarraitzeko, maiatza hastearekin bat, Dorleta Kortazar gonbidatu dugu Emakume Txokora, bere amandreen historiatik eta istorioetatik abiatuta sortu eta bildu dituen ipuinak kontatzera.
80 AMANDRE behar omen dira aintzinako emakumeak egungoekin lotzeko, hori zioen behintzat Jorge Oteiza handiak; 80 amandre besterik ez, antzinaroa gaur egunarekin lotzeko.
Nik 4 amandre nahikoa izan ditut munduan nire txokoa aurkitzeko, 4 amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak. Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi duten emakumeen istorioak dira hauek. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amonak, amatxiak, amumak…
Finean, nire amandreak zure amandreak direlako.
Dorleta Kortazarren hitz eder hauekin animatu nahi zaituztegu, maiatzaren 7an, 18:30ean, Emakume Txokora hurbiltzera. Giro goxoa eta ipuin ederrak topatuko dituzue bertan.
80 amandre bideoa