San Frantzisko eliza arrasatearrena izango da 2026tik aurrera
2025/10/28
Arrasateko Udalak San Frantzisko eliza zena erosteko akordioa lortu du Frantziskotarrekin. Guztira 1.585 m2-ko erosketa egingo du Udalak 371.000 eurotan. Izan ere, Elizaren 1.225 m2-ko azaleraz gain, salerosketa horretan, eliza atzean dauden 360m2-ko hainbat etxebizitza eta lokal ere hartuko ditu jabetzan. Behin aurreakordioa lortuta, ondare historikoari lotutako administrazioei dagozkion txostenak eskatuko zaizkie.
“Jauzi handi bat ematen dugu erosketa honekin. Jabetza pribatu bat arrasatearron esku jartzen dugu, erlijioari lotutako espazioa modu laiko batean erabiltzeko aukera eskainiz. Eskerrak eman nahiko nizkioke Frantziskotarren kongregazioari, salerosketa hau burutzeko izan duten borondateagatik” azaldu du Maider Morras alkateak.
Jabetza aldaketa urte berriarekin batera
Frantziskotarrekin akordioa orain itxi badute ere, 2026 hasieran sinatuko dute erosketa kontratua. Momentu horretan igaroko da San Frantzisko eliza jabetza publikoa izango duen eraikina izatera. Eliza erostea lehen urratsa besterik ez da izango, izan ere, aurrerantzean espazio hau Kulturateren egunerokoan txertatzeko hainbat egokitzapen egin beharko dituztelako, besteak beste, “jarduera publiko berria egitea eta ondarea zaindu eta gordetzeko lan mardulak zehaztea”.
Kulturateren parte izatera igaroko da
Lehentasunezkotzat jo dute San Frantzisko elizak jarduera kulturala izatea, eta Kulturate eraikinaren parte izatera igaroko da. “Gaur gaurkoz hirigintza proiektu asko ditugu martxan, eta ez dugu aurreikusten obra handirik egitea elizan. Dena den, kultur ekintzak jasotzeko aukera izango da eta, ondorioz, Kulturateren funtzionamenduaren parte izatera igaroko da” azaldu du alkateak.
Halaber, azaldu dute, kultur ekintzak jaso baino lehen, hainbat egokitzapen lan egin beharko dituztela elizan, besteak beste, teknikoki egokitu, jarduera berria ezartzea edota kutsu erlijiotsuak dituzten sinboloak babestu eta estaltzea, horien artean, adibidez, erretaula. Lan hauek 2026 eta 2027 urteetan zehar egitea aurreikusten du Udalak.
Hileta zibilak egiteko aukera ere aztertzen
Udala aztertzen ari den beste erabilera posible bat hileta zibiletarako gune bihurtzea da. Izan ere, gaur gaurkoz, Arrasatek ez du hileta zibilak leku itxi batean egiteko espazio duinik, eta hau “aukera ezin hobea” iruditzen zaio gobernuari. “Honek azterketa sakon bat beharko luke, kultur ekintzekin uztartu ahal izango dena, eta erabilera araudi bat beharko lukeena. Beraz, ez dugu aurreikusten berehala martxan jarri ahalko denik, baina bai espero dugu agintaldia amaitu baino lehen eskubide hori herritar guztien eskura izatea”.
Babestutako ondarea
XVII. mendean eraikitako San Frantzisko eliza babestutako ondare historikoa da. Komentua 2007 urtean igaro zen jabetza publiko izatera Kulturate egin zenean, eta elizaren erosketarekin, eraikin guztia bilakatuko litzateke jabetza publikokoa. “Edozein esku hartze edo obrak baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Horregatik, datozen urteetan zehar, eraikina nola egokitu zehaztuko dugu, betiere, erabilera publikoa bermatuz” azaldu du Morrasek.
XVII. mendeko herreriar estiloko eraikuntza da San Frantzisko. Juan de Araoz Uriartek bere dirua eman zuen ikastetxe bat hartuko zuen komentu eta eliza bat eraikitzeko. Frantziskotarrek zuzendu zuten 1840 urtera arte; urte horretan utzi behar izan zuten, desamortizazioa zela eta, eta horrela jarraitu zuten 1954. urtera arte, orduan jarraitu baitzuten eliza jarduerarekin. 2007 urtean komentua jabetza publikokoa izatera igaro zen, gaur egun Kulturate bezala ezagutzen duguna sortuz. 2026 urtean, eliza ere, kultur espazio horren parte izatera igaroko da.
