Iturripeko eraikinak botako dira kiroldegi berria egiteko, “espazioa aprobetxatu eta aisialdirako berdeguneak irabazteko”
2025/05/15
Iturripeko kiroldegi berria uste baino berriago izango da. Aurreproiektuaren erredakzio fasea amaituta, Udal Gobernuak jakitera eman du proiektu honek ekarri dituen berrikuntzak. Horretarako prentsaurrekoa egin dute Maider Morras alkateak, Mikel San Miguel kiroletako zinegotziak eta Aitor Jauregik hirigintza buruak.
“Fase honetan espazioaren banaketa nolakoa izango den definitu da, ezinbesteko urratsa ondoren obra proiektuaren idazketarekin jarraitzeko. Aurre-diseinatu dugun kiroldegi berriak aukera berriak eskainiko dizkie kirol klubei, kiroldegiko bazkide direnei zein herritar eta auzokideei” azaldu du Maider Morras alkateak.
Berritasun nabarmenena espazioaren okupazio ahalik eta txikiena egitea izan da, modu horretan, “auzotar eta herritarrentzat aisialdirako espazio jasangarria lortzeko aukera zabaldu zaigu. Horretarako, baina, gaur egungo eraikinak eraitsi beharko ditugu: kiroldegi zaharra eta frontoiak”.

Eraisketak beharrezkoak proiektuaren garapenerako
Hasiera batetan iturripeko kantxaren eraikina mantentzea aurreikusten bazen ere, txosten tekniko baten arabera eraikinaren birgaitzea ez da bideragarria “egungo egitura-, osasun- eta funtzio gabezien ondorioz” azaldu du Aitor Jauregik teknikariak. “Hezetasunak eragindako patologiak daude eraikinean, zutabeei eta itxiturei eragiten dietenak, eta ez dute konponbide eraginkorrik neurriz kanpoko esku-hartzerik gabe. Egiturak ere, garaiko araudien oinarrian diseinaturikoa izanik, ez du bermerik ematen birgaitzeak eskatutako zein egungo araudiak betetzeko eskatzen zaizkion kargei aurre egiteko. Ez eta karga horiei egungo eraikinaren zimenduek modu egokian eusteko ere. Gainera, eraikinak ez dauka lurzoruko radonaren aurkako babesik, eta, maila funtzionalean, egungo banaketa ere ez da eraginkorra eta ez da bateragarria erabilera berriekin. Horrek guztiak justifikatzen du eraikina eraistea eta, lehendik dagoen eraikinaren programa, proposamen bateratu berri batean sartzea”.
Bestetik, egungo frontoiak eraistea eta eraikin berrian integratzeak “aisialdirako espazio berriak berreskuratzeko aukeraz gain, egungo araudia betetzera eramango gaitu, Aramaio ibaiari bere jatorrizko lekua itzuliz, behintzat tarte batetan” azaldu du Jauregik.

Kiroldegi berria: 3 eremutan banatuta
Erabileraren arabera banatuko da eraikina 3 espaziotan, eta erdian pasabide bat izango du alderik alde zeharkatu ahal izateko, Uribarri etorbidetik, Loramendi kaleraino. Honako 3 espazio hauek aurreikusten dira, Mikel San Miguel kirol zinegotziak azaldu bezala:
- Ekialdean: eraikinaren ekialdeko zatia kirol klubei zuzenduta egongo da orokorrean. Bertan, bi kirol pista handi izango dira, bata -1. solairuan eta bestea 1. solairuan. Biek izango dituzte harmaila atxikiak. Horrez gain, kirol klubentzako izango da eraikin osoaren -1 solairua, bertan jasoko dira: 18 aldagela klubentzat, tatami bat, kirol klubentzako gimnasioa, edota bestelako biltegi eta instalazioak. Behe solairuan, herritar eta auzotarrei zabalik izango den taberna egongo da.
- Erdialdean kokatuko da “dorre” nagusia edo eraikin zentrala. 4 solairu izango ditu guztira eta kiroldegiko bazkideentzako askotariko instalazioak jasoko ditu. Garrantzitsuena gimnasio handi bat izango da, “helburua da kardio eta muskulazio gimnasio duina jartzea. Modu honetan, Musakolakoaren erabilera arintzea lortuko dugu gimnasio erabat berritu eskainiz erabiltzaileei” azaldu du San Miguelek. Horrez gain, dorrean ere egongo dira erabilera anitzeko aretoak, aldagela kolektiboak edota administraziorako espazioa, besteak beste.
- Mendebaldean kokatuko dira frontoi berriak. Bata itxia izango da, harmailarekin, eta bestea irekia, sortuko den plaza berde berrira begira egongo dena.
Berdeguneak eta ibai ertzean aisialdi gunea
Behin frontoi zaharrak eraitsita, ibai ertzean aisialdi gune bat sortzea aurreikusten du aurreproiektuak. “Zubi txikia desagertuko da, eta horrek aukera berri bat zabalduko digu Iturripeko gunean: lurzoruaren maila jaistea eta errekaren inguruan aisialdi gune berri bat sortzea” azaldu du Maider Morrasek. Honek, natur espazio berri bat zabaltzen duela baieztatu dute udal ordezkariek, “herritar orori zabalik egongo dena, errekarekin harremana berreskuratuz”.
Horrez gain, eraikinaren bueltan dagoen plaza guztia birnaturalizatzeko apustua egin dutela baieztatu dute, inguru guztia berdeztatuz. “Gaur egun MUko liburutegia eta Iturripeko kiroldegiko eraikinak metro gutxi batzuez bereizita daude. Diseinu berriarekin banaketa 15 metro ingurukoa izango da, berdeguneak txertatzeko aukera emanez, eta eraikinei argitasuna eta arnasteko aukera emanez”.
Eraikitze lanak 2026 hasieran hasteko aurreikuspena
Aurreproiektua definituta, kirol elkarteekin bilera erronda egin berri du Udal Gobernuak. Begi onez ikusi dute proiektua, eta hainbat ekarpen ere egin dituzte Hauek teknikoekin aztertu eta bideragarri direnak txertatuko dira” azaldu du Maider Morrasek. Dagoeneko oinarrizko proiektua idazteko lanetan dabiltza proiektugileak.
Epeei dagokionez, zuhur jokatu nahi dutela adierazi du alkateak, eta ez du data zehatzik eman nahi izan. Dena den, mugarri batzuk aipatu ditu: “aurreikusten dugu behin betiko proiektua iraila edo urrirako egotea, ondoren obra lizitazioa bideratzeko. Hala ere, Udalak Plan Berezi bat ere izapidetu beharko du eremurako obrak abiatu baino lehen. Aurreikuspena da 2026ko lehen hilabeteetan lanak hasteko moduan egotea” azaldu du Morrasek. Obren iraupena behin betiko proiektuak zehaztuko duela jakinarazi du, baina aurreikuspenen arabera, “litekeena da 2 urte inguru irautea”.