Martxan dira “GarbiBizi” guneak, bizikletak garbitzeko hiru gune berriak
2025/09/18
Arrasateko Udalak bizikletak garbitzeko gune berrien lanak amaitu ditu, eta dagoeneko martxan daude. Helburua da BTT ibilbideak egin ondoren bizikletak eroso eta modu jasangarrian garbitzeko aukera ematea.
“Bizikleta zaleek aspalditik egindako eskaera bat da, eta sortu ditugun 3 gune berri hauek erabiltzaileen beharrak asetzeko beharrezko azpiegitura eskainiko dute” azaldu du Kepa Urteaga zinegotziak.
Kokapen estrategikoak
Eskaerari erantzuteko 3 “gune estrategiko” aukeratu direla baieztatu du Urteagak. Guneak BTT ibilbideen amaierarekin bat etortzeko diseinatu dira, erabiltzaileek garbiketa erraza eta praktikoa izan dezaten.
Zigarrolako kiroldegiaren aurreko lorategia
Euskararen Plaza (Nafarroa etorbidea 23-25)
Iturripe atzealdeko Loramendi kalean
Doako zerbitzua eta publikoa
Instalazioen ezaugarriak honako hauek dira:
- Gune bakoitzak bi bizikleta garbitzeko lekua izango du.
- 12 m²-ko azalera bakoitzean.
- Bi mahuka, horman kokatutako garbiketa-eskuilak kolpe-leungailuekin, eta bizikleta eusteko euskarri berezia.
- Lorategi eremuetan kokatu dira, oinezkoen joan-etorria errespetatuz.
- Drainatze-zoruak eta udal saneamendu-sarearekin lotura zuzena dute.
Hasiera batean zerbitzua doakoa izango da; etorkizunean, erabilera desegokia egongo balitz, kudeaketa eta kontrol sistema bat ezartzea aurreikusten da.
Erabilera arau nagusiak
Bizikletak garbitzeko gune berri hauek bete beharreko arauak izango dituzte, erabiltzaile guztiek errespetatu beharrekoak.
- Helburu esklusiboa: bizikletak garbitzea. Debekatuta dago bestelako ibilgailu edo objektuak garbitzea.
- Ordutegi arduratsua: inguruko bizilagunei eragozpenik ez sortzeko, zaratak saihestu.
- Uraren erabilera jasangarria: ez erabili baimendu gabeko edo ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeen produktu kimikoak.
- Instalazioak zaindu: ez manipulatu mahukak, euskarriak edo gainerako elementuak.
- Garbitasuna: erabili ondoren gunea garbi utzi eta zure hondakinak eraman.
- Txandak errespetatu: jende asko badago, erabilera-denbora laburtu.