Arrasateko Udalak Bedoñabe eskolako patioa eraldatzeko lanak hasi ditu: jolas gune naturalagoa eta inklusiboagoa helburu

2026/04/08
Card image cap
Lanek 48 lan egun iraungo dute eta 104.148,21 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute. Esku-hartze honekin, eremu hori eraldatu nahi da hezkuntza inklusiboa, osasuna eta ingurumen-hezkuntza sustatzeko.

Arrasateko Udalak hasiera eman die Arrasate Herri Eskolako Bedoñabeko eraikineko kanpo espazioa egokitzeko obrei. Proiektu honen helburu nagusia gaur egungo patioaren erabilera aldatzea da, espazioa naturari begira jarriz eta erabilera anitzeko gune ez-sexistak sortuz, betiere ekintza pedagogiko desberdinetara egokituta.

Gaur egungo patioa 915 m2-ko asfaltatutako "espazio gogorra" da. Esku-hartze honekin, eremu hori eraldatu nahi da hezkuntza inklusiboa, osasuna eta ingurumen-hezkuntza sustatzeko. Lanketa hau hezkuntza komunitatearekin batera burututako diagnosi parte-hartzaile baten emaitza da.

Proiektuaren nondik norakoak: hiru eremu nagusi

Eraldaketak egitura eta elementu natural ezberdinen bidez antolatuko dira, intentsitate desberdineko guneak sortuz:

  1. Mugimendu eremua (Mariren basoa): Intentsitate handiko gunea izango da. Bertan, altzairu herdoilgaitzezko txirrista bat, kautxozko tontorrak, soka bidez igotzeko ranpa bat, akazia egurrez egindako oreka-jolasak, salto-salto baterako tranpolina eta rokodromo bat instalatuko dira.
  2. Eremu sinbolikoa eta artistikoa (Galtzagorrien basoa eta Sorginen akelarre): Sormena eta jolas librea lantzeko guneak izango dira. Tipi bat, piñu-azalezko krater bat, lurreko margoen bidez seinalizatutako antzoki txiki bat eta baratze eremu bat aurreikusten dira.
  3. Bioaniztasunaren eta atsedenaren eremua: Natura umeengana hurbiltzeko asmoz, fauna behatzeko guneak (intsektuen hotela eta txorientzako kabiak) eta landaketa eremu anitzak sortuko dira.

Bedoñabe3.jpg

Iraunkortasuna eta natura

Proiektuak natura integratzea du ardatz. Horretarako, zuhaitz eta zuhaixka ugari landatuko dira (haritzak, arteak, gereziondoak eta 59 zuhaixka unitate), itzala sortzeko eta egungo espazio gogorra "humanizatzeko". Gainera, berrerabilpenaren aldeko apustua egin da: eraiste-lanetatik ateratako hondakinak tontorrak eta erliebeak sortzeko erabiliko dira.

Arrasateko Herri Eskoletan inbertsioak

Esku-hartze honekin, Arrasateko Udalak Bedoñabe eskolako kanpo espazioa eraikin barruko eremu pedagogikoaren jarraipen bilakatu nahi du, haurren garapen askea, sormena eta parekidetasuna bermatuz. 2024 eta 2025 urteetan gauzatu ziren Erguineko eraikinean kanpo patioaren eraldatze pedagogikoa eta teilatuaren eraberritzea.

Proiektu honek 48 lanegunetako iraupena izango du, eta 104.148,21 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango du. Lanak K1 EKOPAISAIA SLL enpresak egingo ditu.

Bedoñabe2.jpg