0-6 urte bitarteko haurren gurasoentzako hitzaldi eta tailerrak antolatu ditu Arrasateko Udalak
2026/11/19
0-2 urteko haurren gurasoentzat: haziera eta haur masaje tailerra
Sei saioko tailer honetan, besteak beste, haurraren garapena, atxikimendu-irudiarekiko harremana, mugimendu askea, norberaren eta inguruaren esplorazioa, gurasoen eta haurren arteko harreman-lotura eta gurasoen osasuna landuko dira.
Saioak hilean behin egingo dira, astelehenetan, 10:30etik 11:30era, Txikitxoan. Lehenengo saioa azaroaren 23an izango da.
2-6 urteko haurren gurasoentzat: “Haurrak ulertzen” hitzaldia eta bizipen-tailerrak
Azaroaren 23an, 17:00etan, “Haurrak ulertzen” izeneko hitzaldia eskainiko da Kulturateko Loramendi gelan. Haurren garapena eta beharrak ulertzeko gakoak landuko dira, haurrekin harreman osasuntsuak, errespetuzkoak eta konfiantzazkoak eraikitzeko.
Hitzaldiaren ondoren gaian sakontzen jarraitu nahi dutenentzat, sei saioko bizipen-tailerrak antolatuko dira ikastetxeetan. Saioak hilean behin egingo dira, astelehenetan, 17:00etatik 19:00etara.
Bi talde osatuko dira:
- Arrasate Herri Eskolan, Erguin eraikinean: lehenengo saioa abenduaren 14an.
- Arizmendi Ikastolan, Olarte gunean: lehenengo saioa azaroaren 30ean.
Izen-ematea
Hitzaldian parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar. Tailerretan parte hartzeko, aldiz, izena eman beharko da 943 25 20 07 telefonoan edo izenemateak.arrasate.eus webgunean.
Ekimen hauen bidez, Udalak gurasoen eguneroko hezkuntza-lana babestu eta seme-alaben hazieraren inguruko esperientziak, zalantzak eta ikaskuntzak partekatzeko espazioak sustatu nahi ditu.