Arrasateko Udaltzaingoak 1.500 esku-hartze baino gehiago egin ditu 2021eko lehen hiruhilekoan

2021/04/28
Esku-hartze gehienak administratiboak izan dira, besteak beste, zerikusia dutenak zaratarekin, alarmekin, dokumentu zein objektu galerekin eta herritarren laguntza eskaerekin

Arrasateko Udaltzaingoaren lantaldeak, 2021eko lehen hiruhilekoan, guztira 1.500 interbentzio baino gehiago egin ditu, eta koronabirusarekin lotuta 435 interbentzio.

Covid-19tik kanpo egindako 1.111 esku-hartzeetatik 55 salaketa jaso dira. Gehienak ondare ebazpenak edo ebazpen sozio-ekonomikoak izan dira (52): 8 ebasketa, kalteak (jabetza publiko edo pribatuan egindakoak: fatxadak, leihoak, kotxeetako ispiluak…) 19, iruzurrak 15, eta alkohola eta drogak kontsumitzeagatik gidatzean, 4 interbentzio. 

Esku-hartzeei dagokienez, 388 izan dira arlo administratiboari lotutakoak, hala nola animaliei, zaratei, alarmei eta dokumentu zein objektu galerei dagozkienak. Beste 179 interbentzio izan dira segurtasun arlokoak, eta kasu horretan liskarrak, ebasketak, abisu faltsuak eta kalte materialak nagusitu dira. Edozein kasutan, iazko datuekin alderatuz, nabarmen hobetu da segurtasun alorra Arrasaten, %35,77tik %28,72ra jaitsi baita kriminalizazio tasa, hau da, 7,05 puntuko beherakada izan du. Ildo beretik, Gipuzkoak lurralde seguruena izaten jarraitzen du (40,07), eta EAEn 2020an delituen tasak ere behera egin zuen, 55,03tik 45,05era jaitsi baitzen.

Trafikoan, halaber, guztira 146 esku-hartze egin ditu udaltzaingoak: batez ere, trafiko laguntza (68) eta istripuekin lotutakoak  (43) nabarmendu dira. Azken kasu horretan, istripu horietatik 2 biktimadunak izan dira. Gidarien artean ez da hildakorik izan eta gehienak zauritu arinak edo zauritu gabeak izan dira. Oinezkoen harrapaketen kasuan, guztira 2 izan dira, bata zauritu arina eta bestea, aldiz, larria.

Horiez gain, bestelako esku-hartzeak ere egin ditu, hala nola epaitegiko eginbeharrak, herritarraren laguntzari dagozkionak, hala nola piboteen kudeaketa, informazio ematea eta kexak, eta Ertzaintzarekin elkarlanean egindakoak; azken horiek (29).

Pandemia

Urtarriletik martxora bitartean, halaber, Udaltzaingoak 435 ekintza egin ditu Covid-19aren pandemiaren esparruan. Gehienak alor horretan egindako lanak izan dira (272), besteak beste mugikortasun eta edukiera kontrolak eta osasun publikoarekin lankidetza ekintzak. Herritarren Segurtasunari buruzko Legea ez betetzeagatik 178 zehapen proposamen aurkeztu dira (musukorik ez eroatea, etxeratze agindua ez betetzea eta abar).

Horrekin batera, kexa tramiteei buruzko esku-hartzeak ere nagusitu dira (61), eta lanak ere egin dira herritarren zalantzak argitzeko, gehienak bideratuz Ertzaintzaren espezialisten telefonora.

Aipatzekoa izan da udaltzainek bi pertsona atxilotu zituztela otsailaren 4an, goizaldean, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita. Esku-hartze horretan ustez estupefazientea den landare substantzia baten 1.770 gramo konfiskatu zituzten. Gainera, jarduera horren ondorioz, udaltzain bik lesioak izan zituzten, ondorio bat baino gehiagokoak, eta Debagoieneko ospitalean artatu behar izan zituzten.

Zirkulazioa ixtea Gazteluondon

2021eko lehen hiruhilekoaren balantzea egiteaz haratago, Arrasateko udaltzaingoak jakinarazi du datorren egubakoitzean, apirilak 30, Gazteluondo kalean (Arrasate pasealekutik abiatuta) zirkulazioa itxita egongo dela, 12:00etatik 17:00 ingurura arte, bertako zuhaitzetan egingo diren lan batzuk direla eta.

Larrialdi batengatik edo ezinbesteko arrazoiren batengatik, kale horietan sartu behar izanez gero, udaltzaingoarekin harremanetan jarri beharko da ondorengo telefonoan: 943 25 20 10.

Aldaketak herriko seinalizazioan

Era berean, jakinarazi dute datorren astelehenean aldaketak egingo direla herriko seinalizazioan. Izan ere, maiatzaren 10etik aurrera mugikortasun alorreko lege berri bat sartuko da indarrean, eta horri jarraituz, herriko abiadura 30 km/orduko izatera pasatuko da, eta Araba etorbidean zein Arrasate pasealekuan 20 km/ordukoa. Guztira 20 abiadura seinale aldatuko dira, eta abiadura radarrak ere egoera berrira egokituko dira.  

Lege horren helburua nagusia da, besteak beste, herri barruan ibilgailuen abiadura moteltzea, horrela kutsadura ere murrizteko.