18. Udazabal ekainaren 30ean abiatuko da: 11 ekitaldiko programa bat eta bertako artistak taula gainean

2021/06/28
Hilaren 22an, 12:00etatik aurrera, sarrerak doan hartu ahal izango dira udalaren webgunean

Uztailean, Arrasatek, kulturaren aldeko apustua kalera aterako du, inoiz baino gehiago Udazabalen 18. edizioarekin. Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, egitarau zabala eskainiko du aire zabalean, doan, kaleko arte eszenikoez eta musikaz gozatzeko. Guztira 11 ekitaldi izango dugu.

Juan Ramon Mendieta zinegotziak eta Jon Garai Kultura teknikariak aurkeztu dute ekimena prentsa agerraldian. Ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 30era luzatuko da. Mendieta Kultura zinegotziaren hitzetan “11 ekitaldiko programa, musika, zirkua, dantza eta kale antzerkiz osatua, arrasatearrek zein bisitariek kulturaz gozatu dezaten; gainera, aire librean eta segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betez. Berresten dugu kultura segurua dela, pandemia hasi zenetik azken urtean egin dugun bezalaxe. Sanjuanetako ekitaldi sortaren ostetik, Udazabal iritsiko da, herriko zein lurraldeko sormen industria hauspotzeko eta arrasatearrek herrian kulturaz zein aisiaz gozatzeko”.

Zinegotziak azaldu duenez, “lekua egin gura izan diegu herriko taldeei eta artistei, eta eguaztenetako ekitaldiak KM0 dira, bertako artistak izango dira, edo haiekin kolaborazioak. Ahalegin gara ere ekitaldiak auzoetara gerturatzen, hala nola beste hainbaten artean, Aldai parkera, Santa Teresara eta Zaldibarko frontoira. Gura dugu arrasatear guztiek kulturaz gozatzea, eta kultura eroatea herriko txoko guztietara”.

  • Aforoak mugatuta egongo dira ekitaldi guztietan, eta ezinbestekoa izango da indarrean dauden Covid-19aren aurreko neurri guztiak betetzea. Sarrerak doan hartu ahal izango dira hilaren 22an, 12:00etatik aurrera,  hemen.

 

Hona hemen programazioa:

  • Ekainaren 30ean: SONAKAY + IZADI. 19:00etan Aldai parkean.
  • Uztailaren 1ean: DANTZAZ ‘BASOA’. 19:00etan Zaldibarko frontoian.
  • Uztailaren 2an: AM BIG BAND. 19:00etan Monterron parkean.
  • Uztailaren 7an: OLATZ SALVADOR + GARAZI BARRENA. 19:00etan Monterron parkean.
  • Uztailaren 9an: BERDINKI ‘MIKRA’. 19:00etan Biteri plazan.
  • Uztailaren 14an: JULEN ALONSO + TRIGGER. 19:00etan Usaetxe plazan.
  • Uztailaren 21ean: IBIL BEDI + THE POTES. 19:00etan Santa Teresan (eliza ondoan).
  • Uztailaren 23an: GAG STREET BOYS ‘YES, WE ART’. 19:00etan Seber Altube plazan.
  • Uztailaren 25ean: NODE ‘EMAKUMEAK’, AMAIA ELIZARAN ‘OUT’, EVA GUERRERO ‘GORPUZTU’. 19:00etan Zaldibarko frontoia.
  • Uztailaren 28an: UNIDAD ALAVESA + SCREAMERS & SINNERS. 19:00etan Cordoba y Oro plazan.
  • Uztailaren 30ean: BARSANTI ‘LEGEA GU GARA’. 19:00etan Seber Altube plazan.