Emakume Txokoaren udazkeneko egitaraua irailaren 29an hasiko da 20 hitzaldi, ikastaro eta ekintzekin

2022/09/13
Card image cap
Antolatu dira 11 ikastaro, 2 tailer, 2 gune iraunkor eta 5 jarduera. Jabetze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea irailaren 19tik 23ra egongo da zabalik.

Emakume Txokoak 20 ekintzaz osatutako egitaraua aurkeztu du udazkenerako. Antolatu dira 11 ikastaro, 2 tailer, 2 gune iraunkor eta 5 jarduera. Ikasturtea hasiko da irailaren 29an hasierako hitzaldi batekin. Jabetze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea irailaren 19tik 23ra egongo da zabalik.

Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak nabarmendu du “Plangintza berriak, formakuntza aukera zabala eskaintzeaz gain emakumeen ahalduntze pertsonalean eta kolektiboan eragiteko, berdintasunera eta feminismora hurbildu gura ditu herritarrak, indarkeria matxistari aurre eginez eta hausnarketa feminista kolektiboa bideratuz”.

Gaineratu du ere “Emakume Txokoaren leloa da ‘Jabetu eta eragin’, eta plangintzaz plangintza eta hainbat eragileren parte hartzearekin, bide horri gogoz eta arduraz heltzen diogu. Eskerrak eman gura dizkiegu Emakume Txokora hurbiltzen diren emakumeei eta talde eragileei, haien ekarpenak ezinbestekoak baitira programa berriak osatzerakoan”.

Irailaren 29ko ikasturte hasierako ekitaldiak Pepa Bojó Ballesterren hitzaldi bat hartuko du. Urte askoan formatzaile aritu da Bojó Jabetze Eskolan. Psikologoa, sexologoa eta feminista da, eta aditua emakumeen osasunaren eta indarkeria matxistaren gaietan.

 “Zer eragin du ahalduntzeak emakumeon bizitzetan?” galderatik tiraka, Pepa Bojók berba egingo du emakumeon ahalduntze pertsonalaren eta kolektiboaren garrantziaz, eta azalduko ditu ere prozesu horien nondik-norakoak eta eraginak.

Solasaldian Beatriz Egizabal Ollokiegi adi-adi izango da ere, eta bere “Klownklusio” propioak atera eta konpartituko ditu bertaratutakoekin. Hausnarketa eta umorea uztartu dira ikasturte hasierako ekimen honetan.

Jabetze Eskolako ikastaroei eta tailerrei dagokienez, interesa dutenek ohikoak diren hainbat ikastaro topatuko dituzte: Mindfulness, Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa; Chi Kung…

Horiekin batera beste ikastaro berri bat izango da ere, emakumeon osasunari eta gorputzari lotutakoa, Patricia Verdés Giménezek zuzenduko duena: Zer daki zure gorputzak, (oraindik) zuk ez dakizunik?

Franziska Rautenbergek, komunikazio ez bortitzean aditua bera, estreinakoz, Indarkeriarik gabeko komunikazioa eta ahalduntzea ikastaroa landuko du.

Aukera izango da ere kantatzeko eta dantzatzeko Ines Osinaga Urizarrekin eta Itziar Arroyo Puenterekin, ikastaro biak berriak. Beren jakintza eta sormena emakumeen ahalduntzera bideratuko dituzte, bi proposamen oso erakargarrietan.

Etxeko konponketa txikiak ikastaroan eta Joskintza ikastaroan eskuratu ahalko dira emakumeon autonomia lantzeko tresnak. Horietan bietan autonomia eta berrerabiltzea sustatuko dira.

Antzerki ikastaroa Belén Nevado Méndezek zuzenduko du berriro, eta  “De Pelicula” izenarekin zinearekin lotutako proposamen berritzailea dakar.

Idoia Eizmendi Aldasoro formatzaileak, berdintasun teknikaria eta feminista bera, “Feminismoa guztiontzat” tailerra eskainiko du. Tailerraren helburua da feminismoaren oinarrizko kontzeptuak eta haren proposamenak ezagutzea modu erraz eta ulergarrian. Eta, baita ere, gura izanez gero, aukera izango da gaur egun mahai gainean dauden hainbat eztabaida gaietara hurbiltzeko.

Plangintza berriak eskaintzen dituen beste aukera batzuk dira Besaide inguruetara irteera bat egitea eta Autodefentsa Feminista tailer bat egitea.

Horiez gain, gune bi ere martxan jarriko dira emakumeok elkartzeko eta hausnarketa feministarako: irakurketa feministen txokoa eta emakume migratuen gunea. Gune horiek dira Jabetze Eskolaren ahalduntze guneak, plangintzaz plangintza indartzen doazenak. Konfiantzazko giroa eta lanketa sakona egitea ahalbideratzen dute. Guneak irekiak dira.

Informazio osoa, bai Jabetze Eskolakoa, bai egitarauarena ere, eskuratu ahal da jada etxeetan banatu den liburuxkan, Emakume Txokoan bertan, Udalaren webgunean eta Emakume Txokoaren sareetan.

Bestalde, nahiz eta ekimenak eta ikastaroak irailaren amaieran abiatu, Emakume Txokoaren arreta eta informazio zerbitzuak martxan dira ohiko ordutegian. Hala nola, emakumeei zuzendutako Doako Informazio eta Orientazio Juridikoaren Zerbitzu berritua.

“Gonbidatu gura ditugu Emakume Txokoa eta Jabetze Eskola ezagutzen dituztenak, jarraitu dezaten parte hartzen, eta orain arte hurbiltzerik izan ez duten emakumeak ere bai, ekintzetan parte hartu dezaten” azaldu dute Emakume Txokotik.