2016ko arrasateko udaberriko musikaldiaren egitaraua aurkeztuta

2016/04/12
Card image cap
Sei emanaldi ezberdin eskainiko dira bi asteburutan banatuta eta parte hartzaileetatik 3 arrasatearrak dira. XII. edizio honetako berrikuntzen artean ditugu: Jon Elizalde tronboi-joleak Pirenaeus Consort taldearekin grabatutako diskoaren aurkezpena eta Garikoitz Mendizabal txistulariaren proiektu bitxia

Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, musika talde ezberdinetako kideekin batera, 2016ko Udaberriko Musikaldia egitaraua aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Alkateak azaldu duenez, XII. edizio honen baitan eskainiko diren ekitaldiak bi asteburutan banatu dira. Mota eta estilo ezberdinetako emanaldiez gozatu ahal izango dute arrasatearrek eta guztira sei kontzertu eskainiko dira. “Kultura gure lan ardatz nagusietakoa da eta herriko kultura eskaintza zabaltzea eta kultura bera sustatzea ditugu helburutzat; horregatik,  aurtengo egitaraua zabala eta anitza izan dadin egin dugu lan, baina bereziki, arrasatear taldeen partaidetza indartu nahi izan dugu” esan du Ubarretxenak.

Parte hartzaileei dagokienean, alkateak nabarmendu du, talde guztietatik hiru arrasatearrak direla. Arrasate Musikaleko orkestrak eta Goikobaluk, azken urteetan San Frantzisko elizan eskaini izan duten kontzertuari jarraipena emango zaio aurtengo edizioan eta Txorbelak, OPUS 4 talde argentinarraren kontzertuan hasierako kantari lanak egingo ditu, duela bi urte egin zuen moduan.

2016ko udaberriko musikaldiak hainbat berrikuntza ditu, esaterako, Pirenaeus Consort taldearen kontzertua. Jon elizalde tronboi-joleak, Berpizkundeko hainbat euskal musikarien partiturak berreskuratu zituen eta ondoren, talde honen laguntzarekin disko bat grabatu zuen. Beraz, Elizalderen proiektutik sortutako diskoaren zuzeneko aurkezpena egingo da Arrasaten.  Era berean, Garikoitz Mendizabal txistulariaren proiektu bitxiaz gozatu ahal izango dute herritarrek. Honek, txistua beste dimentsio eraman nahi izan du proiektu berean txistu eta akordeoi doinuak batuz. “Aspalditik kontzertu guztiak doan izan dira Musikaldian, baina aurtengo edizioan bada emanaldi bat ordaindu egin beharko dena” jakinarazi du alkateak. Amaia antzokian eskainiko den Stradivarias ikuskizunaren kasua da hori. Esan bezala sarrera erosi beharko da, umorea, musika eta antzezlana uztartzen dituen ikuskizun arrakastatsuaz gozatzeko.


Egitarau zehatza

 

  • APIRILAK 22 – OPUS 4 eta TXORBELA – Parrokia, 20:00.
  • APIRILAK 23 -  KUP taldea – Parrokia, 20:00.
  • APIRILAK 24 – STRADIVARIAS – Amaia Udal Antzokia, 20:00.
  • APIRILAK 29 -  ARRASATE MUSIKAL eta GOIKOBALU – San Frantzisko eliza, 20:00.
  • APIRILAK 30 – PIRENAEUS CONSORT- Parrokia, 20:00.
  • APIRILAK 01 – GARIKOITZ MENDIZABAL eta AITOR FURUNDARENA -  Kulturateko Areto Nagusia, 20:00.

 

Amaitzeko, alkateak, Udaberriko Musikaldian parte hartzera eta emanaldiez gozatzera animatu ditu herritarrak

Egitarau osoa hemen eskuragarri duzu