2018-2019 ikasturtean, BASERRI KULTURA Eskolako Agenda 21 proiektuan

2018/12/21
Card image cap
Ikasturte honetan BASERRI KULTURA gaia landuko dugu Arrasateko ikastetxeetan eta dagoeneko hasi gara 5. eta 6. mailako ikasleekin lanean.

Arrasateko baserri kultura ezagutzeko eta bertara hurbiltzeko asmoz, lanean ari gara. Udazken honetan, 5. eta 6. mailako ikasleak etorri dira Udalako Ingurumen Eskolara eta Arrasateko kaleetan ere hainbat jarduera egin ditugu.

Ingurumen eskolan, herriko baserri batzuk ezagutu eta  gero, talde batzuekin taloa egin dugu eta beste batzuekin ogia. Gustura jan ditugu, bai bata eta bai bestea. Horretaz gain, 6.mailakoekin Udalan dauden karobiak eta elurzuloak ere ikusi ditugu, garai batean baserrietan egiten ziren lanbideak ezagutzeko asmoz. 5.mailako ikasleekin aldiz, Garagartzako ortuetara joan gara eta ortuko lanak egin ditugu bertan. Guztion artean erein eta landatu ditugun hazi eta landaretxoetatik, uzta oparoa jasotzea espero dugu.

6. mailakoekin, herriko kaleetan ibilaldiak egin ditugu eta Musakola eta Uribarri auzoetako argazki zaharrak behatuz, konturatu gara zenbat aldatu diren bi auzo horiek azken hamarkadetan. Baserri auzoak izatetik, industriaz eta etxez betetako auzoak izatera igaro dira eta.

5. mailakoekin egindako kaleko saioetan berriz, elikagaiak erosteko ohiturak eta batez ere elikagaien jatorria izan dugu aztergai. Azoka eta Ereindajan denda bisitatu ditugu, ikusteko non eskura ditzakegun inguruko baserritarrek ekoiztutako produktu ugari.

Gainera, bi maila hauetako ikasleekin Arrasateko baserrien bilduma egingo dugu. Honetarako, talde bakoitzak baserri baten argazkia eraman du gelara eta horri buruzko informazio apur bat aurkitu beharko dute, baserriaren izena eta non dagoen jakiteaz gain. Etxean, lagunei, senideei,… galdetuta ea lortzen dugun herriko baserri kultura ezagutzeko grina eta gogoa piztea.

Gabonetako oporren bueltan jarraituko dugu gainontzeko kurtsoekin baserri kultura lantzen, eta urtero moduan, kurtso amaierarako izango dugu prest udal plenora eramateko idatzia.