‘AmaHika entzuteko’ bertso saioa nokaz urriaren 28an Kulturaten

2021/10/20
Card image cap
Jabetze Eskolan hausnarketa egin da hitanoaren eta bereziki nokaren erabileraren galeraren inguruan, eta beharra ikusi dute nokaren erabilera sustatzeko.

Emakume Txokoaren egitarauak aurrera jarraitzen du. Urriaren 28an, bertso saio berezia antolatu du, ‘AmaHika entzuteko’ izenburupean, Kulturaten, 19:00etan.

Jabetze Eskolan hausnarketa egin da hitanoaren eta bereziki nokaren erabileraren galeraren inguruan,  eta beharra ikusi dute nokaren erabilera sustatzeko. Galdera eta kezka asko sortu dira Emakume Txokoko arduradunek azaldu dutenez: “hika galera nabarmenean da. Noka, berriz, are azkarrago ari da desagertzen. Nokaz birjabetzeak balio dezake emakumeak ahalduntzeko? Zergatik toka noka baino erabiliagoa? Zergatik izan du duela gutxira arte ospe txarra? Hika berreskuratu daiteke feminismotik? Queer garaian hitanoa? Hitanoa egin daiteke ez bitarra? Baina zelan egin, ez badakigu? Ingo jonau?”

Bada, hausnarketa eta eztabaida hori ere herrira zabaldu nahian, 5 emakume bertsolari izango dira oholtzan, eta gonbidatu dituzte nokan aritzera. Izan ere, ‘AmaHika ikusteko’ saioa ez da izango ohiko saio bat. Emanaldi berezia izango da nokaren erabilera sustatzeko eta ikusarazteko, eta herritarrak gonbidatu dituzte bertara hurbildu daitezen.

Honako bertsolariak ariko dira kantuan: Amaia Agirre, Miren Amuriza, Oihana Arana, Haizea Arana eta Eli Pagola.