‘Andrezaharraren manifestua’ poesía liburua taularatuko dute Mari Luz Estebanek eta Metrokoadroka kolektiboak maiatzaren 27an Arrasaten

2022/05/18
Bertan zahartzaroaren inguruko proposamen politiko eta poetikoa lantzen da.

Mari Luz Estebanek Andrezaharraren manifestua poesia liburua plazaratu zuen Pamiela argitaletxearen eskutik 2019an. Bertan zahartzaroaren inguruko proposamen politiko eta poetikoa luzatu zuen.

Orain idazlea Metrokoadroka kolektiboarekin elkartu, eta oholtza gainerako moldaketa egin dute elkarrekin. Eako Poesia egunaren enkarguz sortu zen kolaborazio hau, Ean bertan estreinatu zelarik. Orain egileek sortutako irakurraldi-performance-a  hainbat plazatan taularatzen ari dira eta maiatzaren 27an, ostiralean, Kulturateko Areto Nagusian parada izango dute Emakume Txokoaren eskutik. 19:00etan izango da Kulturateko areto nagusian, euskaraz.

Mari Luz Estebanek honakoa dio Andrezaharraren manifestua liburuan:

“Ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari ZA-HA-RRA.

Hitz hori letreiatzen dut astiro.

Haren loditasuna dastatzen dut, haren sonoritatea.

Hemen naiz.

Begira nazazu”.

Asmo horri jarraika, bost emakume, bost gorputz, bost andrezahar ikusiko ditugu ohol­tza gainean, haien sentimenduak dastatzen, publikoaren begiradaren aurrean agertzen. Bost dira… edo hamaika.

“Andrezaharraren manifestua” emanaldiak liburuko poemak dakartza oholtzara. Mari Luz Estebanek eta Metrokoadroka kolektiboak elkarrekin egindako emanaldi honetan, irakurketa momentuak uztartu dituzte poema bisual eta antzeztuekin: biolinaren musika, pintura, antzerkia eta koreografia performatiboak... modu umoretsu zein aldarrikatzai­lean tartekatuz emanaldi hunkigarria osatu dute.

Fitxa artistikoa:

  • Oholtza gainean: Mari Luz Esteban, Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Iraia Elias eta Jurdana Otxoa
  • Ekoizpena: HEA kultur elkartea eta Metrokoadroka kolektiboa
  • Liburua: Andrezaharraren manifestua (Pamiela, 2019)