‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa saioa eskainiko da maiatzaren 5ean

2021/05/03
Card image cap
Elkarrizketa publiko horietan emakumeek hartzen dute parte, erreferenteak direnak Euskal Herrian esparru askotan; kasu honetan, gonbidatua izango da Mari Luz Esteban Galartza antropologoa eta aktibista feminista, eta elkarrizketatzailea, aldiz, Maite Asensio Lozano, Berriako kazetari eta idazle feminista

Datorren maiatzaren 5ean, eguaztena, Arrasateko Udaleko Emakume Txokoa zerbitzuak  ‘Emakumeak protagonista’ deituriko elkarrizketa saioa antolatu du Kulturaten, 19:00etan.

Elkarrizketa publiko horietan, izen berak adierazten duen bezala, emakumeak dira protagonista eta kasu honetan, parte hartzen dute Euskal Herrian esparru askotan erreferenteak direnak, eta aukera egongo da beren ibilbidea eta egiten duten lana gertutik ezagutzeko.

Horrela, elkarrizketa saioen helburua da, besteak beste, herrigintzan, hainbat eremu emakumeek egiten duten lana ikusaraztea. Horrez gain, baina, emakumeen parte hartze sozio politiko eta kulturalaren inguruko hausnarketa ere mahai gainean jartzen da.

Gauzak horrela, maiatzaren 5erako Emakume Txokoan antolaturiko saio horretan, Mari Luz Esteban Galartza izango da gonbidatua eta emakume elkarrizketatua. Mari Luz antropologoa eta aktibista feminista da, eta Gizarte-Antropologiako irakaslea EHUn. Hain zuzen, aditua da antropologia feministan, medikuntza antropologian eta gorputzaren eta emozioen antropologian. Hainbat liburu argitaratu ditu, tartean, “Feminismoa eta politikaren eraldaketak” saiakera, eta, azkena, “Andrezaharren manifestua” poesia liburua. Bere jardunak, beraz, bateratzen ditu irakaskuntza, ikerkuntza, literatura eta konpromiso soziala.

Elkarrizketatzailea, halaber, Maite Asensio Lozano izango da, Berria egunkariko kazetari eta idazle feminista. 2014an ‘Argia’ saria jaso zuen kazetari jardunean genero berdintasunean egindako ekarpen guztiengatik, bere konpromisoagatik eta gizon eta emakumeen berdintasunari ematen dion garrantziagatik. Eta hori gutxi izango balitz, 2018an Arantxa Iraola Alkortarekin batera "Alardeak, ukatutako plazara" saiakera liburua argitaratu zuen.

Horrela, bien arteko solasaldiak ikuspegi feministatik errepasoa egingo dio egungo egoerari, eta horrekin batera, bertaratzen direnek aukera izango dute Mari Luz Estebanen lana eta ibilbidea ezagutzeko.

Gaur egungo osasun egoera kontuan izanik, aforoa 70 pertsonara mugatuko da, eta jarlekuak beteko dira iritsiera ordenaren arabera.

Maiatzaren 19an, kabareta

Emakume Txokoak maiatzerako antolaturiko ekitaldien artean, halaber, hilaren 19an, ‘Esnatu naiz’ kabareta eskainiko da Andoni Mutiloaren eskutik. Horren zehaztapenen berri aurrerago emango du udalak.