‘Esnatu naiz’ antzezlana LGBTI+ fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzeko

Arrasateko Emakume Txokoak antzezlana programatu du maiatzaren 19rako, Kulturaten, areto nagusian, 19:00etan

Maiatzaren 17an LGBTI+ fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun horren markoan, Arrasateko Emakume Txokoak Esnatu naiz antzerki emanaldia antolatu du, maiatzaren 19an, Kulturaten, areto nagusian.

Azken urteetan LGBTI+ kolektiboaren eskubideen alde urrats garrantzitsuak eman diren arren, benetako aukera berdintasuna lortu arte bide luzea dugu oraindik egiteko.

Bide horretan, antzerkia tresna egokia da sentsibilizazioa lantzeko eta gogoeta eragiteko. Asmo horretan oinarrituta sortu du Andoni Mutiloak Esnatu Naiz kabareta.

Esnatu Naiz antzerkia show bat da, dantza eta musika nahasten dituena. Hizpide ditu identitatea, giza harremanak eta sexualitatea, besteak beste, baina, batez ere, gonbita egiten digu gure nortasunarekin bat egiteko eta aske bizitzeko.

Kabaret honetan nortasuna, generoa eta sexu joeren gaiak lantzen dira. Protagonista da Elur, trans artista bat jatorri euskalduna duena baina Londresen bizi dena. Eta ikuskizunaren bitartez, gogoeta egiten da LGBTI+ kolektiboko pertsonek oraindik gaur egun Euskal Herrian normaltasun osoan bizitzeko dituzten arazoei buruz.

Horrela, gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzeaz gain, obra honen bidez mezu bat zabaldu gura da LGBTI+ komunitatearen eskubideen alde.

Emakume Txokoak honelako lanen balioa azpimarratzeaz gain, gonbita egiten du 2020ko Donostiako Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza Deialdian aipamen berezia jasotako ikuskizun honetaz gozatzeko.