‘Euskara Familian’ tailerrak egin dira Arrasaten, hizkuntzaren transmisioaz ohartarazi eta erabilera bultzatzeko

2020/02/13
Card image cap
3 saio burutu dira eta bertan, baliabideak eskaini zaizkie gurasoei, haurrek eta gazteek familiako komunikazioan euskara hauta dezaten.

Arrasateko Udalak, euskararen transmisioa eta erabilera bultzatzeko helburuarekin, pasa den azaroan tailer ekolinguistikoak antolatu  zituen. Familiei zuzendutako ekimena izan da, eta EMUN, Ekogunea eta Irrien Lagunak taldeetako teknikarien eskutik eta herriko ikastetxeen laguntzarekin egin da. Helburua haur eta gazteen familiako heziketan hizkuntza praktika ekologikoak identifikatzea eta praktika horiek aurrera eramateko ahalduntzea izan zen, alegia, baliabideak eskaintzea, umeek eta gazteek familiako komunikazioan euskara hautatu dezaten, gurasoei tresnak emanez, seme-alabekin interbentzio egokiak egiteko, eta horrela, haurrei kontzientzia hartzen laguntzeko.

Tailerretan, gurasoek eta euren 4-8 urte arteko seme-alabek hartu zuten parte, bi taldetan banatuta: helduekin EMUN eta Ekoguneko teknikariak aritu ziren, eta umeekin Irrien Lagunak taldeko Martin Bertso eta Tiritatxo. Hasieran, bi taldeak banatu egin baziren ere, amaieran, denak elkartu eta landutakoa partekatu zuten saio guztietan. 20 familiatik gora aritu ziren 3 asteburutan.

Maria Ubarretxena alkateak adierazi eran, Arrasateko Udalak lehentasunen artean dauka hizkuntzaren erabilera eta transmisioa: “Izan ere, familian erabiltzen den hizkuntza izango da haurrak barneratuko duen lehena. Eta familia da hizkuntza bat ikasteko eta sendotzeko gune indartsu eta naturalena. Hala ere, haurrek eta gazteek gero eta gehiago eta lehenago jotzen dute gaztelerara euren artean, eta hori kudeatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, gizarte euskaldun bat izan nahi baitugu”.

Arrasateko Udalak eta gainerako antolatzaileek egiten duten balorazioa oso positiboa da: “Ezbairik gabe, datu arrakastatsua da 20 familiatik gora batu izana, benetan zaila izaten baita familiak erakartzea transmisioarekin lotutako gaiak lantzeko. Familiek asko eskertu dute gaiarekiko kezka eta tailerren formatua. Izan ere, umeekin batera egin dira hainbat jarduera, eta hori mesedegarria da etxeko hizkuntza ohiturak lantzeko eta finkatzeko”.

Udaleko Euskara Sailak nabarmendu du hizkuntzaren transmisioaren gaia lantzen jarraituko duela: “lehentasunetako bat izateaz gain, familia askoren zein ikastetxeen kezka nagusietako bat da herriko gazteenei etorkizun euskalduna bermatzea”.