‘Familia Jolasean’ ekimenaren edizio berri bat martxan jarriko da urtarrilaren 15etik aurrera

2023/01/11
Card image cap
Martxoaren 26ra bitartean, igandero, 11 saio burutuko dira.

Udaleko Gazteria Sailak ‘Familian Jolasean’ ekimenaren edizio berri bat jarriko du martxan hurrengo urtarrilaren 15ean. Ekimen honen helburua da neguko domeka arratsaldeetan familiei denbora eta espazio bat eskaintzea modu ludikoan harremanak izateko eta gozatzeko.

0-8 urte arteko haurrak dituzten familiek elkar ezagutzeko eta elkarrekin jolasteko aukera bat da, aniztasuna kontuan hartuta eta euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratuta. Asmoa da neguko domeketan espazioa, denbora eta hitzordua eskaintzea familiei, elkarrekin partekatzeko jolasa eta kalitatezko aisialdi hezitzailea. Bi hezitzaileren laguntza egongo da, saioak dinamizatzeko eta familiek behar duten informazioa emateko.

Domekero izango da hitzordua, urtarrilaren 15ean hasi eta martxoaren 26ra bitartean, 11 saio guztira (urtarrilak 15, 22, 29, otsailak 5, 12, 19, 26, eta martxoak 5, 12, 19, 26). Okendoko ludotekan izango da hitzordu gehienak, bi izan ezik: otsailaren 26an Santamainan eta martxoaren 26an Usaetxen.

Izena eman daiteke bai Ludoteketan eta baita aktibitatean bertan.